Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Filmek lau urteko lankidetza akordioa sinatu berri dute, egitasmoa aro berri batera begira sendotuz. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia izendapena izango du aurrerantzean.
2008an sortu zen Mendi Film Festival, lehen lau edizioak Gasteizen egin ziren, eta 2012az geroztik Bilbon ospatu da. Azken zazpi edizioetan jaialdira hurbildu diren lagun kopurua hirukoiztu egin da, 2018an 12.000 ikuslera iritsiz, etenik gabeko gorakadan. Hala, Mendi Film Festival Euskal Herriko mendizaletasunaren enbaxadore eta erreferentzia da nazioartean. Aurkeztu berri duten lankidetza akordioak aipatutako emaitzak hauspotzeko indarren metaketa biderkatzea eragingo du.
Lankidetzaren iragarpenarekin batera, beste hainbat kontu ere aurreratu dituzte antolatzaileek. Batetik, ezagutarazi dute Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren ‘Top of Africa’ irudiarekin osatu dutela kartela. Kilimanjaro (Tanzania) mendian hartutako argazki ikusgarria da, eta Will Gadd izotz eskalatzaile kanadar ezaguna ageri da Afrikako gailurreko glaziar arrastoetan azkenetakoa den izotz horman jardunean. “Bere ederrean, klima aldaketari buruzko hausnarketa gordin eta beharrezko bat”, azaldu dute. Ohi bezala, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak eta Mendi Filmek deitutako CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketan irabazlea izan da hautatutako irudia.
WOP Saria 2019
Bestetik, 2019ko edizioaren ezaugarri nagusietako bat izango dena aurreratu dute arduradunek: Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izango dira 12. edizioko omendu nagusiak, WOP Sariaren irabazleak, alegia. Hamalau zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da. Duela 25 urte egin zuten beren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda.
Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu WOP-The Walk On Project Fundazioa Sariak, eta hauek izan dira aurreko edizioetako: Josep Manuel Anglada (2015), Sir Chris Bonington (2016), Peter Habeler (2017), eta Juanjo San Sebastian (2018).
Sarrera eskaintza berezia
Azkenik, lehenengo sarreren aurretiko salmenta iragarri dute ere. Akordio berriaren ospakizuna aitzakia, ekainaren 26an eta 27an, 48 orduz, kopuru mugatu bat jarriko dute eskuragai. Abenduko bigarren salmentan izango dutenaren prezio erdian salduko dituzte oraingoan, eta jarraitzaileak aukeraz baliatzera galdegin dituzte.