“Proiektu berriak galdegingo ditugu, 2deon horiek deseraiki eta, gutxinaka, berriro eraikitzeko”. Ikus-entzunezko proiektuen fase esperimentala eta garapena babestuko ditu 2deo sorkuntza laborategiaren bigarren deialdiak.

Orain urtebete, 2018ko uztailean, aurkeztu zuten 2DEO Euskarazko Ikus-entzunezko Laborategia. Milioi bateko laguntza eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakalerari proiektua martxan jartzeko, eta Iban Arantzabalek koordinatu du hasierako fasean. Lan-ildo zehatz batzuen inguruan gauzatu dute haien jarduna: sorkuntza gunea den aldetik, sormenera bideratu dira laborategiaren jarduera nagusiak, baina ezinbestekoa izan dute ere industriaren parte hartzea ideia berrien kabi eta erakusleiho izateko.

Hala, ikus-entzunezko sektorearen eragile nahiz norbanakoei zuzendutako deialdia aurkeztu zuten berehala. Proiektuen esperimentazio faseari babesa ematea izan zen lehen programa horren programaren helburu nagusia, eta kontzeptuen garapenetik hasita, lehen produktua ekoiztera arte lagundu dituzte lehen hautaketa horretako proiektuak. 6 hilabeteko denbora epea izan dute ideiaren garapenerako, eta proiektuak garatzeko lekua, baliabideak eta diru-laguntza jaso dituzte.

Orain aste batzuk, laborategiak Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroan beteko duen espazioa aurkeztearekin batera, iragarri zuen Arantzabalek bigarren deialdi baten berehalakotasuna. Ikus-entzunezko proiektuen fase esperimental zein garapena bultzatzea izango da xedea oraingoan ere, eta 2019ko ekainaren 14tik uztailaren 14ra egongo da zabalik. 

Sektoreko hainbat profesional biltzen dituen lan-talde bat osatu dute, eta horiek aduratuko dira laborategiaren jardunaren oinarri izango den behaketa lana egiteaz: “Zer ekarri erabakiko dutenak izango dira. Egungo joerak aztertu eta zabalkunderako esparru berriak bilatuko dituztenak”. Estrategia bat sortzea izango da hurrengo hurratsa, bidelagunak lortu, elkarguneak sortu, sorkuntza bideratu eta hura testatzea. Azkenik, azeleragailua aipatu du Arantzabalek, ahultasunak aztertu, indarguneak baliatu eta prototipoak sortzeko fasea. Bada, lau ardatzen inguruan egingo dute lan: estetika molde berrien lanketa, istorio berrien garapena, teknologia berrien uztartzea eta zabalkundea.

Ikusi hemen deialdiaren oinarriak.

Info+: 2deo@tabakalera.eus