SOY UNA TUMBA

Zuzendaria: Khris Cembe
Urtea: 2018
Herrialdea: Espainia

Madrilen jaiotako baina Cangas do Morrazon hazitako Khris Cembek bere bigarren film laburrarekin Goya sarietarako izendapen bat lortu du aurten, eta Clermont-Ferranden ospatzen den film laburren nazioarteko zinemaldian parte hartu du ere. Galizian errotutakoa, kontrabandoan oinarritu du Soy una tumba, baina batez ere haur baten susperraldiaz aritzen da.

Hasieratik ikusiko ditugu bi protagonistak, haur txiki bat eta bere aita, Galiziako kostaldeko etxetxo batean (Rias Baixaseko edozein itsasadarra izan daitekeenean) bizi direnak. Bakardadean eta isiltasunean gosari unea partekatzen dute. Geroago jakingo dugu goibeltasun hau amak jasandako zorigaiztoko istripu batek bideratu duela. Orduan, goardia zibil batek atea jotzen du, aitari tabako kontrabandora joateko proposatuz. Haurrak badaki ez dela lehen aldia, ezta ere azkena, aitak bien bizirauterako beharra sentitzen baitu. Hala ere, kontrabandoan gertatzen ohi denez, negozioak merkantzia arriskutsuago bat dakar, eta horrek aitaren pazientzia agortuko du. Semea aita eta goardiaren atzetik joan da (haurren jakinminak beti arriskura bideratzen ditu) eta basoan borroka bortitza ikusiko du bi gizonen artean. Hasieran aipatu dugun susperraldia hemen dator, haurrak heriotza indarkeriz ikusiko baitu, eta zorigaitzaren arrastoa ezabatzeko bere aita laguntzen saiatuko da, itsasadar barnera abiatuz. Film laburraren irudirik aztoragarriena hemen kokatzen da, erahilketen eta krimenen frogak itsasadarraren hondoak gordetzen dituelako. Itsasadarra hobi isil bat baita.

Khris Cembek bi animazio teknika erabili ditu Soy una tumba filmean, bata ohikoa den 2 dimentsiotako teknika klasikoko koloretako marrazkiak, eta bestea zirriborroz osatutako zuri-beltzezkoa. Bigarren hau semeak dituen oroitzapen tristeak erakusteko erabiliko du, nolabait, amaren zorigaitzaren oroimen lausoa zirriborratuz.

Cemberen lanak beste galiziar animazio zuzendari baten urratsak jarraitzen ditu, Alberto Vázquez, hori bai, bestelako istorio mota batekin. Vázquezen hiru lan arrakastatsuetan parte hartu du ere Cembek, Birdboy (2011) eta Decorado (2016) film laburretan, eta Psiconautas (2015) film luzean. Animaziozko zinema galiziarrak etorkizuna baduela dirudi.

 
NEW YORK AFTER RAIN

Zuzendaria: Haisi Hu
Urtea: 2018
Herrialdea: AEB

Animazio tradizionala ikusteak beti zinemaren hastapenetara eramaten gaitu, eta hori beti gozamena izaten da. Jatorriz txinatarra den Haisi Huk stop-motion teknika aitzindaria erabili du New York after Rain bere film laburrean, heriotzaren aurrean ditugun hausnarketak mahaigaineratzeko. Hasiera batean lana nahiko zentzugabekoa dirudi, baina jatorria zein den kontutan hartuta, inkontzientetik bidaia bat bezala ulertu dezakegu. Zineman badira horrelako beste hainbat zinemagile, eta, horregatik, Haisi Huk beste batzuk hasitako bidetik jarraitzen duela esan daiteke, hala nola Jan Švankmajer edo Quay anaiak.

1940 inguruan Max Ernst artista dadaista-surrealistak sortutako izenburu berdineko margolan batetik abiatuz hasiko du filma Huk, kamera pixkanaka mugituz eta zehaztugabeko forma koloretsuak erakutsiz. Formarik gabekoak zehazten joango dira eta Boscoren lorategian lur hartu izan bagenu bezala leku oniriko batean murgilduko gara.

Animali-pertsonaiak agertzen joango dira, eta hontz aurpegi aldakorra duen figura zuri batek gizaki bat erdituko du hari gorrien sasitza artean. Bat batean zuri-beltzeko marrazkiaren teknikara igaroko da filma eta bihotzik gabe jaio den gizona beste mundu batekin lotuta (zain-sustraiek lotzen dute) dagoela emango du. Buztinezko paisaira itzultzean, beste margolan batean sartu garela dirudi, Rembrandten Nicolaes Tulp doktorearen anatomia ikasgaia, non jaio berri den gizakia bele moko maskara daramaten batzuk ikertzen hasiko diren, bihotzaren ordez duen zuloa arakatuz. Gizona (marrazkia berriz) ihes egiten saiatuko da, bihotzarekin sortuko den lotura hautsiz. Beste behin buztinezko paisaira itzuliko gara eta bertako animali-pertsonaiak lore grisak bihurtuko diren bitartean, emakume bat gizonak enborran duen zulotik barneratuko da. Musukatuz, sufrimenduari amaiera emango dio, biek maitasunez bat eginik. Filmaren amaieran marrazki den bihotza airean zintzilik geratuko da, alboan dituen usoek hegan egingo duten arte, film laburraren bukaerako kredituak osatuz horrela.

New York after Rain gozatzeko film labur bat da, esanahirik bilatu gabe. Ikusleak heriotzaren eta sufrimenduaren inguruko hausnarketa bat antzeman dezake bertan, baina horrela ez bada, lasai, irudiek bakarrik gozamen estetikoa ekar dezakete ere. Besterik ez.