Abenduko egun ilunetatik ekaineko argitasunera mugitu dute Animadeba – Debako film laburren jaialdia, eta hilaren 19tik 23ra ospatuko dute 11.edizioa. Film laburren Sail Ofiziala nazioarteko lehiaketa izango da, eta jasotako 1.000tik gora proiektuen artean hautatutako hamarna labur proiektatuko dituzte Sail Ofizialean zein Zuzendari Berrienean.

Animazioa haur zein helduentzako generoa dela aldarrikatzeko, eta bertan zein gure mugetatik kanpo ekoitzitako film labur eta luzeei ikusgarritasuna emateko sortu zuen Aitor Oñederrak orain dozena bat urte. Gabonetako oporraldia baliatuta, Debako Agirre jauregiko ispiluen gelan egiten zituzten emanaldiak, lehen urteetan, lehiarik gabe. Baina festibala forma hartzen joan da azken edizioetan, eta nazioarteko proiekzioa izango du aurrerantzean. Hala, lehiaketak hartuko ditu estreinakoz, eta panorama eta Ikasleen sailak ere izango ditu ekimenak. Baita dozenaka ekintza paralelo ere, Debako herria goitik behera hartuko dutenak.

“Erakustaldia etengabe hazi da, handia egin arte. Hamar urte eta gero, formulak funtzionatzen duela frogaturik, Animadeba festibalak merezi duen garapen naturala dela uste dugu” azaldu zuen Aitor Oñederra euskal zinemagile eta jaialdiaren antolatzaileak urte hasieran. Animazioarekin geroz eta jende gehiago ausartzen dela uste du Oñederrak, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere, bere hitzetan, teknologiaren garapenagatik, “inoiz baino errazagoa delako animaziozko film tradizionalak sortzea”. Gauzak horrela, herrikideek generoarekiko duten begirada aldatzea izan da bere jardun nekaezinaren helburua.

Bada, 1349 proiektu jaso dituzte aurtengo deialdian, inoizko parte-hartzerik altuena. Kultura arloarekin lotura estua duten Debako 18 gizon eta emakumez osatu duten Hautaketa Batzorde baten esku egon da lehiaketako Sail Ofizialean parte hartuko duten aleen aukeraketa, eta pareko egin dute ere Zuzendari Berriak EHU sailean arituko direnekin. “Originaltasun eta ahalmen sortzaile handia ikusi ahal izango da. Film Labur bakoitza proposamen ezberdin bat da, animazio teknika desberdinei eta edukiari dagokionez”, azaldu du Oñederrak.

Programazio zabala

Hala, hurrengoak dira Sail Ofizialean parte hartuko duten izenburuak: Lauren Greenfield: How Capitalism Exploits Insecurities (Lena Greene, AEB); A bus (Wen yu Li, Txina); Cómo y porqué se ha esfumado Don José (Moshe Ben-Avraham, Israel); New York After Rain (Haisi Hu, AEB); Le Mans 1955 (Quentin Baillieux, Frantzia); The Bird & the Whale (Carol Freeman, Irlanda); Flut (Malte Stein, Alemania); Soy una tumba (Khris Cembe, Espainia); 32-Rbit (Victor Orozco Ramírez, Alemania) eta Muedra (César Díaz Meléndez, Espainia). 10 proposamenek 500 euroko saria jasoko dute soilik lehiaketan hautatuak izanagatik.

Zuzendari Berriak EHU/UPV sailari dagokionez, beste hainbeste izango dira filmak: Them People (Nausheen Javed, Alemania); It’s wet! (Alexis Godard, Nan Huang, Frantzia)Your Future (Petra Stipetic, Maren Wiese, Frantzia); John don’t know nothin (Conor Kehelly, Erresuma Batua)The incredible Wardrobegadget of Dr. Stein (Gabriela Plačková, Txekiar Errepublika)Las del diente (Ana Pérez López, AEB)Fuse (Shadi Adib, Alemania); Not Yet (Tímea Laura Varga, Hungaria); No gravity (lan kolektiboa, Frantzia) eta Stuck in the middle (lan kolektiboa, Frantzia). Sari bakarra egongo da, 300 eurokoa, eta EHUk banatuko du.

Azkenik, beste zinemaldi batzuetan ibilbide arrakastatsua egindako bost film hartuko ditu Panorama sailak. Besteak beste, Another day of life (Damian Nenow eta Raul de la Fuente, 2018) edo Salvador Simo Busomen Buñuel en el laberinto de las tortugas (2018).

Bestelako hainbat jarduera ere programatu dituzte, tartean, Punto y Raya Festibaleko iazko edizioko lan finalisten proiekzioa eta Rafa Cano Méndez animatzaileak eskainiko duen Bender 3D programa erabiltzen ikasteko masterclass-a.

Ekitaldi bereziak

Black is Beltza (2018) filmaren emanaldiak zabalduko du gaur, 19:00etan, jaialdia, eta Fermin Muguruza izango da bertan proiektua aurkezteko. Proiekzioaren ostean, gainera, solasaldia egingo dute, musikari eta zuzendariaren parte-hartzearekin. Larunbatean izango da sari banaketa, 22:00etan, Kutxa Beltzan, eta ekitaldia girotzeko kontzertua emango dute Gari & Maldanbera taldekoek.

Alfred Sesma, Emilio de la Rosa eta Joana Toste izango dira lanak baloratzeaz arduratuko diren profesionalak. Azken hori, gainera, jaialdiko gonbidatu berezia ere izango da, eta euskal makila bat emango diote larunbat goizean, kultur elkarteko aretoan.