Zuzendaria: Paul Urkijo
Urtea: 2017
Herrialdea: Euskal Herria
Errementari, XIX. mendean lehen gerra karlistaren ostean girotutako filma eta 2017an Paul Urkijok zuzendutakoa, Jose? Miguel de Barandiaranek 1903. urtean idatzitako “Patxi herrementaria” ipuinean dago oinarrituta.
Paul Urkijok Arabako herri txiki batean kokatzen du istorioa, oso estetika original eta ikaragarri batekin. Aipatzekoa da Korresen egindako filmatzea, apenas 30 biztanle dituen Izkiko parke naturalaren herri txiki bat, non bertako bizilagunak agertzen dira, filmari aparteko sinesgarritasuna emanez.
Herri horretan, biztanleak eta komisario bat Patxiren etxea ikertzera bultzatzen dituen gertaerak kontatzen dira. Patxi herriko errementaria da, urteak eman ditu basoan izkutatuta dagoen errementerian, bere etxean, eta berari buruz heriotza eta deabruarekin erlazionatutako istorioak zabaldu dira.
Alde batetik, Errementari-k humorea eta fantasiazko zinema nahasten ditu terrore-estetika mantentzen saiatzen den bitartean, baina infernuari buruz hitz egiten duen film batean espero izango genituzkeen efektu bereziak faltan botatzen dira. Infernuko ateen eszena lantzeko erabilitako efektuek, hain zuen ere, nahiz eta eskertzekoak izan eta seriotasun apur bat bueltatu filmari, ez daukate kalitate nahikorik gaur egungo publikoa asetzeko.
Bestalde, ordea, tramaren jarraibidea ezin hobeki dago egina, hasieratik ikuslea estu edukiz filmak humorerako ustekabeko norabidea hartzen duen arte, eta absurdoaren mailara ez ailegatzeko pautak mantenduz. Deabruaren karikatura egiten du oso era original eta dibertigarrian.
Aktoreen zerrenda, Itziar Itun?o, Kandido Uranga eta Eneko Sagardoy lehenengoak izanda, primeran moldatzen dira gidoira. Hala ere, Sagardoy-ren parte-hartzea da bereziki azpimarragarria, beldurra eman nahi duen demonio patetiko eta barregarriaz egiten duen interpretazioagatik. Uma Bracagliak ere, neskato gaztearen papera egiten duen aktore nagusiak, aho bete hortz utzi gaitu bere antzezpenarekin, bere adina kontuan izanda, zinemaren munduan etorkizun oparoa izan lezakeen gazte bihurtuz.
Azkenik, ezin dugu Errementari filmari buruz hitz egin bere gidoian erabilitako hizkuntza aipatu gabe. Nahiz eta beste bi euskalki entzun daitezkeen, bai batua eta bai ataunera, Urkijok garrantzia eman nahi izan dio ahaztutako eta ia desagertutako arabako euskarari, agerikotasuna emanez eta filmak duen testuingurua aberastuz. Oso apustu baliotsua euskararen maitaleontzat.