Iragan igandean, maiatzaren 16an, ospatu zuten Requenako (Valentzia) Film Laburren Jaialdiaren itxiera ekitaldia, eta horrekin batera ere banatu zituzten seigarren edizioa izan denaren sari nagusiak. Bada, Maria Elorzaren Ancora Lucciole lana izan da onena, eta Pello Gutierrezen Zain -ek, berriz, musika eta aktore onenaren sariak jaso ditu.

2018an aurkeztu zuen Ancora Lucciole lana Maria Elorza (Gasteiz, 1988) zinemagileak. Gaztelania eta italiera nahasten ditu bertan, 1972an Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzitako hitzak gogora ekartzeko. Artikulua idatzi eta gutxira hil zuten Pasolini, eta ordutik, ipurtargiak ere desagertuz joan dira. Bada oraindik, baina, gogoratzen dituenik.

Filmografia luzea dauka gasteiztarrak. Besteak beste, Las chicas de Pasaik (Maider Fernandezekin batera sortu zuen kolektiboa) bezala sinatu ditu Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (2014, Aitor Gametxorekin batera zuzendua), Agosto sin ti (2015), Kalebegiak proiektuko Argiaren neska  (2016) pasartea eta  Gure hormek (2016) lanak; eta bere kabuz ere zenbait dokumental egin ditu, tartean Antología de conversaciones cotidianas (2011). Film onenaren saria eskuratu du jaialdi Valentziarrean, eta lehenago ere Euskal Zinemaren Sari Nagusia eskuratu zuen Bilboko ZINEBI jaialdian.

Pello Gutierrezi dagokionez, Zazpi T’erdi ekoiztetxeko sortzailea da, David Aguilarrekin batera. 2007tik, ez-fikzioa eta mugako generoak landu dituzte eta ekoitzitako lanekin (Nao YikMara maraConverso) hainbat nazioarteko sari jaso dituzte. Berak zuzendutako lanak dira Heroínas sem nome (2011), Abuztua (2014) eta Ozpinaren sindromea (2017).

Aukeztu duen azkena da Zain  “komedia tristea”. Kaurismäkiren estetika jarraituta, bakardadearen erretratu gordin baina samurra egiten du. Errekonozimendu bikoitza jaso du Valentzian, musika onenaren sariaz gain, Javier Barandiaran protagonistak ere ex-aequo jaso baitu aktore onenarena. Aurretik, Lekeitioko Euskal Zine Bileran eta Huhezinema jaialdian saritu dute proiektua.