Zuzendaria: Fermin Muguruza
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria / Espainia
1965.urtean New York hiriaren handitasunean Irun?eko erraldoien konpartsa handi egiteko gaitasuna Fermin Muguruzak soilik duela esan daiteke, bere karrera osoan izandako kutsua galdu gabe, geureari garrantzi berezia emanez. Helduentzako bere lehen animaziozko lanak Manex protagonistaren bidaia kontatzen du, New York hirian hasi eta mundu osoari buelta eginez. 60.hamarkadako mugimendu politiko, sozial eta kulturaletan murgilduz, helduentzako animazioa euskaraz ikusteko aukera ezin hobea da, batez ere animazioa ikustera oraindik ere animatu ez den publikoarentzat. Muguruzak garbi uzten du historia eta istorio handiak kontatzeko garaian ere, gertuko pertsonaia txikiak protagonista handiak direla.
Filmak garaiko gatazka zehatz bat aukeratu ordez, dena kontatzea erabakitzen du. Eta bai, harrigarria bada ere, ez da ezer azaldu gabe geratzen. 87 minutuen artean Malcom X eta Pantera Beltzen mugimendua ezagutu eta Kubako iraultzan murgiltzeko aukera du pertsonaia nagusiak. Gerra hotzaren iluna eta espioitzaren tentsioak jasateko unea ere igarotzen du eta segidan, Kaliforniako hippy mugimendua eta garaiko musika festibalen eromenak ere dastatzen ditu. Aipatutakoaz gain, itsasoa gurutzatu eta Argeliara bidaia egiteko kemena du Manexek. Gainera, diktadura frankista eta honek ezarritako zentsura ere filmean lantzen den beste gaietako bat da.
Erritmo biziko filma da, ia arnasa hartzeko aukerarik ematen ez duena. Fermin Muguruzak zalantzarik gabe ez du ezer kontatu gabe utzi nahi izan eta horretan, badira itogarriak egiten diren uneak. Noiz edo behin, istorioen arteko loturak zalantzagarriak dira, batez ere aldaketak egiteko unean pertsonaiek duten bilakaera behartua eta arrotza delako. Hala ere, behin zine aretotik irten ondoren, filmaren erritmoa halakoa ez balitz, filmaren sena eta identitatea galdu egingo litzakela jabetzen da ikuslea, hau baita filmaren oinarria, ezaugarri nagusia.
Garai hartako musikak eta mugimendu kulturalek izandako garrantzia eta batez ere, hauek belaunaldietan zehar izan duten eragina aintzat hartuta, egungo euskal musikarekin bat egitea lortu du film honek. Filmaren istorioan bertan Otis Redding, Janis Joplin, James Brown, Jimmy Hendrix eta beste musikari asko goraipatzeaz gain, filmaren soinu-bandak egun ezagunak diren musikari ezberdin ugari entzuteko okasioa eskaintzen du. Musikaren historiari eta honen memoriari bizia ematen dion lana da. Begiak itxita ere entzun litekeen filma da Black Is Beltza.
Dena kontatzen da, dena bere osotasunean, bai ona eta baita zer esaneko alderdi ugari ere. Oro har, ausardia handiko lana da, eta mezua argi gailentzen da, musikari alabantza eginez, eta iragana gogoan izanda, kritika sozial eta politikoa nabarmenduz.