Kresala Zineklubeko ordezkariek, Iratxe Fresneda zinemagile eta kazetariak, eta Zineuskadi elkarteko arduradunek eman dute epaia: Sara Hernandez Askasibar donostiar gaztea da V. Kritika Lehiaketako irabazlea! Zorionak, Sara! Zigor Etxebesteri erreleboa hartuko dio hilabete amaieran, eta urtebetez gurekin ariko da kolaboratzaile lanetan.

Atariko laugarren kritikaria izan denari agur esateko garaia heldu zaigu. Iragan ekainetik datorren astera (Animadeba jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko diren bi film laburren kritikak egingo dizkigu) aritu da Zigor Etxebeste, astero astero, zinema aretoetan, zikloetan zein jaialdietan eskainitako filmen kritika zintzo eta landuak osatzen. Oso eskertuta gaude, Zigor, eta espero dugu harremanak luze irautea. Uxue Arzelus, Aritz Sorzabal eta Mikel Zumeta bezala, urrezko kolaboratzaileen zerrendara zoaz zuzen-zuzenean.

Eta hala, ekain amaieratik aurrera, Sara Hernandez Askasibar gazteak hartuko dio erreleboa. Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa dokumentalaren inguruan idatziko kritika goraipatu du epaimahaiak, lan bikaina dela eta “zapore gozoa” utzi diela azpimarratuz. Dena den, gainerako parte hartzaileei ere eskerrak eman beharrean gaude, oso idatzi interesgarriak bidali dizkiguzue, nork bere estiloan. Espero dugu Hernandezen lana hurbiletik jarraituko duzuela, eta datorren urtean ere zuen berri izango dugula. Mila esker guztioi!