Zuzendaria: Ben Sharrock

Urtea: 2015

Herrialdea: Euskal Herria

Pantone 3298 kolorearekin hasi eta ixten da Pikadero, Ben Sharrockek 2015. urtean aurkeztu zuen pelikula. Pantone etxeak zian-berde erdi itzalduntzat definitzen du kolore hau, sintesi ona iruditu zaigu Pikaderori buruz aritzerakoan.

Berde-urdin kromatismo horretan bizi dira protagonistak Euskal Herriko barrualdeko edozein-herri batean. Krisiaren eraginez kanpora joateko apostua egin ala ez zalantzati dabiltza, ekonomiaren gainbeheraren erruz lan duinik topatu ezinda, aurrera egiteko aukerak murriztu zaizkienean. Dirurik ezean, askatasunik ez. Eta libertate falta hori agerian uzten duen puntua zera da: larrutan egiteko lekurik aurkitu ezina.

Izan ere, Pikadero, finean, maitasun istorio bat baino ez da. Bi gaztek elkar ezagutu eta idilio arrunt bati hasiera ematen diote era oso organikoak. Aurrera egin nahi dute, baina inguruak zangotrabak baizik ez dizkie jartzen, zailtasunak bata bestearen atzetik. Larrutan egiteko lekurik topatu ezinda, ezarian-ezarian euren arteko zizpada ere apaldu egiten da, berde kolorearen eran, erdi itzaltzeraino ilunduz.

Istorioak sinplea bazirudikeen ere, filmak apustu estetiko ikaragarria eskaintzen digu. Trena noiz iritsiko zain dagoen herriak kostunbrismo post-industrialaren paisaian murgiltzen gaitu: irudi simetrikoak, lerro zuzenak eta errepikapenak, dagoeneko ezertarako balio ez duten gailu, erreminta eta tresnez josita.

Plano finko ugarietan zain agertzen da jendea, gerta dakiekenaren zain, bistako presarik gabe, igande eterno bat bailitzan. Ramo?n Ederren aforismo bat ekartzen du gogora, “Los domingos son la eternidad en miniatura”. Elemengu guztiek baretasun eta asperdura hori helarazten dute, sarri, Aneren (Barbara Goenaga) artista gogokoena den Hopperren obra ere oroitaraziz.

Egoeraren dramatismoa, nolanahi ere, ukitu komiko-ironiko zenbaitek (musikaren erabilera, familiaren kostunbrismoa exajeratua -bibotea-, etab.) arintzen dute. Honek lagundu egiten du filmearen geldotasun estetikoari bizigarri apur bat ematen, jarraikortasunari eusten. Kaurismakiren umore ironiko bizia gogorarazi dizkigu zentzu honetan.

Krisia ekonomikoa gaitzat hartuta ikusi ahal izan ditugun lan zinematografikoen emaria handia izan da azken urteotan. Horren lekuko dira hautsak harrotu zituen Inside job dokumentala, krisiaren auziari buruzko salaketa mardula eta Pikaderoren urte berean Espainiako kritikak goraipatu zuen Techo y comida esate baterako, filme gordina, elkarrekin zerikusi handirik ez duten bi lan aipatzeagatik. Pikaderok beste puntu batean jartzen gaitu; larritasun biluzirik gabe, noraezaren drama salatzen du edertasun estetiko handiko filme honetan.