Zine txinatarraren osasun sendoa

Zuzendaria: Jia Zhangke

Urtea: 2018

Herrialdea: Txina

Munduan film gehien ekoizten dituen herrialdea India da (Bollywoodek 2017an ia 2.000 ekoitzi zituen), ondoren Nigeria dator (Nollywooden astero 50 (!) lan ekoiztera iritsi direla dirudi) eta gaur egun hirugarren lekurako lehia bizia dago Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren artean. Horrek esan nahi du zinemaz hitz egiten dugun bakoitzean gure mendebaldeko begiradak gaur egun egiten diren film gehienak baztertzen dituela. Zinema aretoetara europarrak edo estatubatuarrak ez diren filmak tarteka iristen zaizkigu, eta hauek, gaitz erdi, zinemaldietan jasotako gorespen eta sariei esker. Argi geratu behar zaigu, beraz, txinatar zinemaz dihardugunean, urteroko ekoizpenaren gutxieneko batez ari garela, eta gehienak bidean galtzen ditugula. Gainera, zine txinatarrean hiru adar bereiztu beharko genituzke, testuinguruak baldintzatuta: hongkongtar zinema, taiwandar zinema eta Txina kontinentaleko zinema.

Dena dela ere, txinatar zinemari buruzko ikuspegi orokor bat izan dezakegu zinemaldietatik igarotzen diren zuzendarien lanengatik, horiek osatzen baitute begirada interesgarriena eta egile-zinemari dagokiona. Hala, 80ko eta 90eko hamarkadetan gurera iritsi ziren bosgarren eta seigarren belaunaldiko zinemagileen lanak (Zhang Yimou, Chen Kaige edo Tian Zhuangzuang bosgarrenean, Wang Xiaoshuai, Zhang Yuan edo Jia Zhangke seigarrenean). XXI. mendean ere hor darraite aipatutako zuzendariek, beste berri batzuekin batera, eta azkenaldian, hainbat belaunaldi batera agertu dira zinema aretoetan: Zhang Yimou (Ying/Shadow), Jia Zhangke (Jiang hu er nü/Ash Is Purest White) eta gazteagoak diren Bi Gan (Di qiu hou de ye wan/Long Day’s Journey Into Night) eta zorigaitzezko Hu Bo (Da xiang xi di er zuo/An Elephant Sitting Still).

Jia Zhangke zuzendariaren azkena hautatu dut Zinea atarian urtebetez egindako ibilbideari amaiera emateko (datorren astean gehigarri bat egongo dela aurreratzen dut, nolanahi ere, eskerrak eman nahi ditut orain). Jianghu er nu filmak Zhangkeren filmografiaren atal bat itxi duela dirudi, aurreko bi filmen bidetik abiatu baita istorio berri bat sortzeko. Zuzendariak berak adierazi duenez, Ren xiao yao/Unknown Pleasures (2002) eta Sanxia Haoren/Still Life (2006) filmetan agertzen ziren bi pertsonaia desberdin, Zhao Tao aktoreak antzeztutakoak, film berean bateratu ditu, eta lan berrian denborak moldatzen duen norbait agertuko da. Jiang hu er nü lanak 2001 eta 2018 urteen artean jazotako bikote baten gorabeherak erakutsiko ditu. Hiru ataletan banatuta dago, eta Zhao Taorekin batera, gizonezko aktorea Liao Fan dugu. Lehen zatian jatorrizko izenburuko “jiang hu” azpigizarte paraleloan jazotakoak ikusiko ditugu Shanxi probintzian, nola Binek (Fan) talde txiki bateko buruzagi bezala jarduten duen, alboan Qiao (Tao) tolesgabea duela. Atal honetan, Zhangkek hongkongtar generoko zinemaren moduak erabiliko ditu, batez ere, hanpako giroa sortzeko, eta guztia indarkeria eztanda batekin amaituko du, non Qiaok pistola bat erabiliko duen aipatutako tolesgabetasuna galtzeko.

Bigarren atalean, bost urte luze igaro ditu Qiaok kartzelan, eta Binen bila joango da Yangzi ibaian egiten ari zen Hiru Arroiletako presa erraldoiaren eskualdera. Atal honetan zuzendariak aurretik egin dituen beste film batzuen moduak nabarituko ditugu (Still Life), natura eta modernizazioaren arteko talka bikotearen amodiozko istorio bitxiaren atzeko oihal gisa erabiliz. Qiao eta Binen elkartzea gazi-gozoa izango da oraingoan, eta zuzendariak azken atalerako, hamabi urte geroagorako, utziko du bikotearen istorioaren amaiera.

Shanxira itzuliko gara, “jiang hu” delakoan berriz murgilduta, baina oraingoan rolak aldatuta. Qiao taldetxoaren buruzagia bihurtu dela dirudi eta Bin ezgaitu moduan itzuliko da. Jia Zhangkek filmaren bukaeran hutsuneak utziko dizkigu, ikusleok galdera bat egiteko, amodiozko istoriotan gertatu ohi den bezala: bikotea noizbait berriz elkartuko al da?

Elkarrizketetan aipatu duenez, Jia Zhangkek bere hurrengo hiru proiektuak Txinaren iraganean kokatuko ditu, Boxerren matxinadan, 20ko hamarkadan eta 1949an, hurrenez hurren. Bere filmografiaren iraultza txiki honekin adi egongo gara. Filmak gure zinema aretoetara iristen bazaizkigu, noski.