Fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma ezberdinetako dokumentalak eskainiko ditu 22. Kimuak katalogoak. 65 lan aurkeztu ziren deialdira, eta horien artean zazpi aukeratu ditu epaimahaiak Euskadiko Filmategiaren Kimuak programaren bidez nazioarteko jaialdi eta ikus-entzunezko ekimenetan zabaltzeko. Egile konsagratuen zein berriagoen ekoizpenak daude, eta hizkuntza aniztasuna da nagusi.

Carlos Plaza Donostia Kulturako zinema unitateko teknikariak, Carmen Serrano Cortometrajes Andaluces film laburren katalogoko koordinatzaileak, Garbiñe Ortega Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoak, Roberto Barrueco Bartzelonako MECAL jaialdiko zuzendariak eta Ruth Pérez de Anuncita Donostia Zinemaldiko komunikazio arduradunak atzo bertan, ekainak 11, eman zuten aditzera epaia: zazpi lan aukeratu dituzte 2019ko Kimuak katalogoaren bidez nazioartean banatzeko. Genero eta hizkuntza aniztasuna da, beste urte batez, aukeraketaren ezaugarri nagusia, eta zinemagile ezagunagoen zein deialdian aurrenekoz hautatu dituztenen proposamenak eskainiko ditu katalogoak.

Artiko, Josu Venero eta Jesus Mari Lazkano

Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak, Josu Venero zuzendari eta ekoizle bilbotarraren laguntzarekin, Svarlvard artxipielagoan bildutako irudiekin osatu du Artiko dokumentala. Xabi Payaren hitzak gehitu dizkiote lanari.

El infierno, Raúl de la Fuente

Zuzendari iruindarrak Donostiako Kanaki Films ekoizpen etxearekin batu ditu indarrak, beste behin, Minerita (2013) eta La fiebre del oro (2017) labur dokumentalekin egin bezala, nazioarteko herrialde zehatz bateko errealitatea bistaratzeko. Oraingoan Sierra Leonara joan da kaleko umea izandako Chennuk gaztearen istorioa kontatzeko; Pademba Road helduentzako kartzelara itzuli nahi du berriro mutikoak, infernura.

Labo, Jesús María Palacios

Donostirra bigarrenez izango da Kimuak katalogoan, 2012ko Casa Vacía lanaren ostean. Labo dokumentalak Tarragonako Francisco Franco Unibertsitate Laborala zenaren erretratu arkitektonikoa egingo du minimalismo handiz eta José María Pouren ahotsa lagun.

Leyenda Dorada, Ion de Sosa eta Chema García Ibarra

Cáceresko Montánchez herriko igerilekuko elkarrizketa eta gertakariak jasotzen dituen zientzia-fikziozko eta umorezko lana, 16mm-an grabatutakoa. Leire Apellanizek ekoitzi du, eta dagoeneko hainbat jaialdi ezagunetan lehiatzeko aukeratua izan da.

Lursaguak (escenas de vida), Izibene Oñederra

Izibene Oñederra animatzaile azkoitiarrarentzat hirugarren aldia izango da Kimuak katalogoan, Hezurbeltzak, una fosa común (2007) eta Hotzanak, For Your Own Safety (2013) laburren ostean. Hélène Cixous-en hitzak oinarri hartuta, animaziozko lan kontzeptuala aurkeztu du.

Mateoren ama, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga

Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeko Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren fikziozko dramak aspaldi ikusi ez duen ama bisitatzera zahar-etxera joango den Angel Mariren istorioa kontatuko du. Iñigo Aranburu, Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga eta Aitziber Garmendia dira aktore protagonistak.

Medvedek, Ainhoa Gutiérrez del Pozo

Jatorri eslobeniarra duten bi hartz emek Nafarroako Pirinioan eta bertako paisaian izandako eragina aztertuko du gazte donostiarraren hirugarren film laburrak.