Mendia gustoko baduzue, post hau irakurtzeaz aparte, egin kasu eta ikusi gomendatzen dizkizuedan hiru dokumental hauek. Hirurak dira eskaladari buruzkoak, eta hirurak dute protagonista pareta iguala, eskalatzaileen meka: Kalifornian dagoen Yosemite Parke Nazionaleko Kapitaina pareta.

Alex Holnnold-en Free Solo

Alex Holdnnold ezagutzen ez baduzue, bada tenorea bere izena Googleko bilatzailean paratzeko. Eskaladaren historian bere lekua aski ongi irabazia du estatubatuarrak. Errekorrak ditu bat bertzearen gibeletik, pentsaezinak zirenak, besteak beste, 900 metro garai dituen granitozko “kapitaina” pareta igotzea sokarik gabe. Bai, SOKARIK GABE, free solo-an. Azkar egin zuen gainera, lau ordu baino gutxiago behar izan zituen. 2017ko ekainaren 3an egin zuen.

Free Solo dokumentalak kontatzen du igoera epikoa, dokumental onenearen Oscar saria jaso zuen gainera Jimmy Chin eta Elizabeth Chai Vasarhelyi zuzendarien lanak (ez da elkarrekin lan egin zuten lehen aldia, Meru).

National Greoprahic da dokumental ikusgarri honen sustatzailea. Free solo ez da soilik 900 metroko igoera bertikalera mugatzen, hurrunago doa, Holdnnolden entrenamendu eta prestaketa gogorra jarraitzeaz gain, bi zuzendariak saiatzen dira kontatzen zergatik eta zertarako arriskatzen duen Honnolek horrela bere bizitza. Zergatik ez du beldurrik sentitzen Alex Holnnoldek?

Zuzendarien lana ez zen erreza izan, eskalatzaileari hilabeteetako jarraipena egiteaz gain, igoera bera ongi grabatu behar zuen filmaketa taldeak; ongi grabatu, ikusgarri, baina batez ere, Honnold oztopatu gabe. “Bertan ez zeudela” sentitu behar zuen eskalatzaile amerikarrak. Edozein nahaste, oker….kontzentrazioa galdu eta amiltzea izan izan zezakeen ondorio. Hasieratik badakizu Alex Honnolek lortuko duela, igoko duela pareta sokarik gabe, baina, hala ere, eskuek izerdi egite dizute filmak irauten duen 100 minutuetan.

The Down Wall

Bilbo Mendifilm Festibalean gidoi onenari saria jaso zuen The Down Wall dokumentalak. Egia erran, Tommy Caldwell eskalatzailearen bizitza pantaila handirako egina dela dirudi. Berak ordea tipo “normala” dela esan zuen Bilbon, filmaren aurkezpena egitera etorri zenean. Pentsa, 2015ean The New York Times egunkariaren azalera iristea lortu zuen, itzela baitzen lortutakoa: estilo librean Kapitaina pareteko biderik zailena egin zuen Kevin Jogersonekin batera. Balentria hori lortzeko 19 egun pasa zituzten paretean zintzilik. (Komeni erratea ere zazpi urtez aritu zirela buru-belarri entrenatzen, eta komeni erratea ere hatz erakuslea falta duela Caldwellek).

Lorpenak, Ipar Ameriketako hedabideetan oiartzun handia izan zuen, baina ez zen izan Caldwell zurrunbilo mediatukoaren erdian zegoen lehen aldia, 15 urte lehenago, 2000. urtean notizia izan zen beste gazte batzuekin batera, talibanek bahitu zituztelako eskalatzen ari zirela. Caldwell berak lortu zuen laukotea sano eta salbo ateratzea, baina ez zitzaion merke aterako, erabat aldatuko baitzen, hala aitortzen dute dokumentalean ingurukoek.

Valley Uprising

Nire ustez, eta dudarik ez dut egiten, Kapitaina paretaren inguruko dokumentalik onena da Valley Uprising. Zergatik? Pareta bera delako protagonista eta ez hura igotzen duten eskalatzaileak. Azken 50 urteetan eskaladak eta eskalatzaileek izandako garapena ederki kontatzen da dokumental honetan, kirol hau gustoko ez duena ere engantxatuko da.

Kontrakulturaren parte ziren garaiko eskalatzaileak, sistematik at bizi zirenak, drogazale amorratuak eta batez ere beldurrik gabekoak. Kapitaina paretari begira bizi ziren, ez zuten gehiago behar. Eta horrela dokumentalean ederki kontatzen dira 900 metro horietan aurrera eramandako erronkak, eskalatzaileen arteko lehiak, eskalada-teknikaren garapenak, Yosemite parkearen turistifikazioa eta bertze hamaika pasadizo…

Egia, da The Captain pareta ez dela milaka urtetan aldatu, baina oso bizirik dago, errekor, historio eta bizipen aunitz gordetzen baitira 900 metro horietan.