Zuzendaria: Kepa Sojo

Urtea: 2019

Herrialdea: Espainia

Dozena-erdi pasatxo laburmetrai besapean, Kepa Sojoren bigarren luzemetraia da La pequeña Suiza, hamairu urte igaro baitira jada El síndrome de Svensson (2006) burutu zuenetik. Zerbait argi utzi badigu zuzendari laudioarrak bere lan berri honekin, edonolako sari edota kritikarion onespenak jasotzea baino, ikuslegoa entretenitzea nahiago duela da. Ondo baino hobeto lortzen du hauxe Sojok, denborarekin hain berea egin duen estilo jator eta xume horrekin.

Komedia nahiko arrunt eta kostunbrista bat eskaini nahi izan digu oraingoan, laurogei urteko agure zein haur batek era berdintsuan erraz irentsi dezaketen horietakoa. Familigiroan ikusteko paregabea; denborapasa atsegina, bestelako pretentsiorik gabekoa. La pequeña Suizak Euskadiren parte izan nahi duen herri erdaldun baten gora-beherak dakarzkigu, eta biztanleek zera lortzerik izango ez dutenez, Telleria Suitzako 27. kantoia bihurtzea besterik ez dute desioko.

“Ocho apellidos” fenomenoaren itzala luzea da oso, baita Bienvenido, Mr. Marshallena (1953) ere. Parodiaren pintzelada nabarmenekin, azken urteotan hain urratuak dauden identitateen inguruko trametatik edaten du argi eta garbi. Boteprontoan, proposamenaren freskotasun eza izango litzateke istorioaren ahulgunerik azpimarragarriena. Filma aurrera doan heinean, aldiz, erregionalismoen inguruko gag-ek indarra galtzen dute nabarmen. Istorioak errekurtso askoz ere eraginkor baten aldeko apustua egiten du orduan; ohiko komedia erromantikora heltzen da trama nagusia nolabait bigarren plano batean geratzen delarik. Hortaz, amaiera aldean gidoiak ez daki zer kontatu. Erabat zehaztuta ez dagoen erritmo kontu bat izan daiteke hau, ikuslea esperoan egotera bultzatzen baitu filmak, momentu gorena noiz etorriko zain.

Esan beharra dago filmeko une barregarrienak bigarren mailako pertsonaien eskutik datozela, eta zuzendaria Antonio Resines bezalako aurpegi ezagunez baliatzen dela ateratzeko nahiko erraza den irrifar hori lortzeko. Casting aukeraketa ia ezinhobe batek berez nahiko apala eta errepikakor xamarra den istorioa modu aipagarrian goratzen du. Secun de la Rosa, Mikel Losada edota Kandido Uranga aktoreek lapurtzen dizkiete barre algara gehienak ikusleei. Enrique Villén-ek haragiztatzen duen erdaldun peto-petoak egundoko bikote komikoa osatuko du aktore zumaiarrarekin.

Kasualitatez edo ez, filma zinema aretoetan ikusgai dagoen egunotan hauteskunde garaia ere izan dugu, bi bider gainera. Egiazko erreferendum-kontu hauek ez daude, inolaz ere ez, Kepa Sojok proposatzen digun panorama absurdo horretatik hain urrun. Gainera, filmak badu oinarri historikorik; Telleriako (Tellstadt) biztanleek esku artean duten egoera xelebrea egun Trebiñun gertatzen denarekin parekotasun handiak ditu. Honegatik eta azkenaldian guzti-guztiaren gainetik barre egin behar dela aldarrikatzen duten zinegileen falta handia sumatzen delako, merezi du La Pequeña Suiza ikustea.