Zuzendaria: Telmo Esnal
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria
“Barru-barrutik” ateratakoa da Dantza. Iaz Zinemaldian orain arteko euskal musikal ausartena aurkeztu zuen Telmo Esnal zuzendariak. Esnalek dantza errotik hartzen du, lurraren errituetan kokatzen gaitu, eguzki eta euri eske, loretik sagarrera, eta sagarretik sagardora, gaizkia hezurmamitzen duten gizaki intsektizatuekin talka eginaz. Honek ospakizunera garamatza, bizitzaren zikloa itxiaz, begiradez osatutako maitasun istorio batekin.
Kontzeptu artistikoa Koldobika Jauregirena bada ere, Dantzaren norabide sinbolikoa Juan Antonio Urbeltz ikertzailearen teorietatik eratorritakoa da, koreografiaz arduratzeaz gain, lehen erdiko dantzen sorrera interpretazioen atzean baitago. Hari metaforiko baten bitartez in?auteria zomorroen munduarekin lotzen du, inauste garaiko intsektuak ekiditeko erritu bezala. Beraz, ezinbestekoa da mozorroen presentzia. Giza figurak lore, adar eta intsektu bilakatzen dira. Dantzen interpretazioa oso konkretua bada ere, janzkerak berreraikuntza aske baten aldeko apostua egiten du, eta euskal kulturaz gain, hainbat tradizio kulturaletako elementuak txertatzen ditu.
Dantzaren bidea lurretik eta lurrera doa. Lur lanak mugimendua dakar, mugimenduak erritmoa eta erritmoak musika. Soinu diseinua hipnotikoa da, dantzen fisikotasunari gorputza ematen dio, eta musika ere, Pascal Gaigneren moldaketekin, elkarrizketa konstantean dago gorputzarekin, lurrarekin eta zomorroekin.
Dena ez da laudorio, ordea. Euskal dantzaren irudia osatzeko beharrezko badira ere, bigarren erdiko herritarren dantzek ahulezia ugari dituzte. Hasteko, hanka batetik erren daude, ospakizun dantza hauek ez dutelako lurraren errituen trebezia teknikoa, eta baita bestetik ere, desagertu egiten baita lehen erdiko zinematografia magnetikoa. Zeharo elbarri gelditzen da zati hau. Zorionez, albo banatan euskarri sendoak ditu eta ez du azken emaitza larriki zauritzen.
Amaierak Viennako urte berriko kontzertuaren elegantzia badu ere, ez da filmak behar duena. Ordu eta erdian Dantza dimentsio anitzeko tradizio bezala finkatu ostean, azken dantzaldiak irudi laua erakusten du, dinamismorik gabea. Azken irudiek hasiera mistiko horri itxiera ematen badiote ere, pisurik gabe erortzen dira kredituak.
Hala ere, filmaren bertuteek indartsu egiten diote aurre ahuleziei. Telmo Esnalek bere helburua lortu du, tradizioa pantailan organismo bizidun bilakatu du, loratu da euskal dantza, zentzumenen jaialdi bihurturik. Narratiba klasiko baten ausentzia orekatzen dute dantza hipnotikoek, begirada pantailan katigatuaz. Dantzak tradizioa iruditeria berri batez bildu du eta proposamen estetiko ausart bezala nabarmentzen da.