Zuzendaria: Maider Oleaga
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria

“Zein naizen ni ezetz asmatu?” galdetzen dio Elbira Zipitriak bere buruari. Bai berari baita ikusleari erantzuteko ere, film honek IRA (Iratza) ezizenaren atzean ezkutatzen zen emakumea omenduko du, ondorengo belaunaldiek eskertzeke diogun guztia gogoraraziz.

Hamaika buelta eman eta Donostiara itzulita, Maider Oleaga zinegileak, Alde Zaharrean pisu bat alokatu du. Ostatuaz haratago, etxe honetako objektuek badute zer esan, Maiderren jakin-mina asetzeko nahikoa. Mahai eta eserleku zaharrak, euskal paisaiak, Jainkoaren irudia, argizaiola, liburuak, argazkiak, idatziak, poesiak, eskutitzak, eta haurren marrazkiak non nahi. Hauetako bakoitza arrasto bat da, pixkanaka, pisu horretan bizi izan zen emakume “ezezaguna”, gertutik ezagutzeko aukera ematen diguna: non egiten zuen lo, zein mahaien inguruan burutzen ziren klase klandestino famatu horiek, eta zein leihotik begira kontrolatzen zuen polizia atxilotzera bazetorren. Behin eta berriro.

Elbira Zipitria (1906-1982) lehen ikastolaren sortzailea izan zen.

Ikasle eta lagun izandakoek emakume sendo eta zorrotza zela azpimarratzen dute. Nola ez, bere helburuak burutzeko: Nahiz eta tarteka bere burua hain borroka latza aurrera ateratzeko gai ez sentitu, Euskal Herriaren etorkizuna bere esku zegoela argi zuen. Haurrak neska-mutilen arteko berdintasunean, eta -batez ere- jatorrizko hizkuntzan hezitzeko eskubidea zutela defendatu zuen, muturreraino.

Zipitriaren etxebizitzatik kanpo, urteak eta gizartea aurrera doaz, eta kamerak hala jakinarazten digu nahiz eta, bukaera arte, filmak ez paretak zeharkatu. Kamerak etxe barruan egon nahi du Elbira eta Maiderrekin. Baita ni, ikusle bezala, bi emakumeen artean sortutako adiskidetasunaz gozatzen ere. Hirugarren belaunaldiko lekukoa bihurtzen naiz, Elbira, Maider eta orain ni, etxearen sekretu berri baten bat aurkitu nahian. Patuaren indarraz sorgindua, Elbiraren eginkizuna euskal iraskaskuntza sustatzea izan zen eta Maiderrena, urte batzuk beranduago, Euskal Herriko historian hain garrantzitsua izandako emakumearen legatua zinemaren bidez gizarteratzea.

Erretratu sendo eta zintzo baten aurrean gaude. Leihotik sartzen diren eguzki izpiek ormetan proiektatzen diren irudiekin bat egiten dute aspaldiko istorioak orainera ekarriz. Super 8 eta digitalaren arteko nahasketak ere zineak mamuak bizitzara ekartzeko daukan boterea gogorarazten digu, Maider eta Elbiraren arteko elkarrizketa posible eginez. Artxiboen hautaketa bikaina eta urte askotako ikerketa, uko ezinak dira gainera film honetan. Azkenik, testuak, Elbira hurbil sentiarazten digutenak. Eta muntai lanak berak dakarren sentikortasuna eta egia.

Aurreko Maiatzaren 24ean estreinatu zen zinema aretoetan altxor txiki-handi hau. Hitz batez eta Nor-Nori-Nork euskararen paradigma asmatu zuen emakumeari omentzeko: Maider Oleagak zinemazaleoi egin digun oparia (Nor-nori-nork).