Zuzendariak: Raul de la Fuente, Damian Nenow

Urtea: 2018

Herrialdea: Euskal Herria

Lehiaketatik kanpo bada ere, harrera beroa izan zuen Canneseko Sail Ofizialean. Publikoaren saria eskuratu zuen, aldiz, Donostia Zinemaldian. Ostera irabazi du animaziozko film onenaren garaikurra Europako Zinema Sarietan eta Goya Sarietan.

Ikasturte honetako euskal filmik sarituena ez ezik, esanguratsuenetako bat ere bada Raul de la Fuente iruindarraren Another Day of Life. Izan ere, Donostian golardoa jaso eta eskerrak ematera taularatu zenean esan zuen pozarren: “Gora Kapuscinski eta gora euskal zinema”.

Baina, zerk egiten du film bat euskaldun? Ryszard Kapuscinki kazetari poloniarraren inguruko istorioa da honakoa, Angola Gerra Hotzeko eszenatoki bihurtu zeneko garaia kontatzen duena, ingelesezko narrazioaren bitartez. Zerk zehazten du film baten tokikotasuna, sortzaileak, hizkuntzak, ekoizpenak ala istorioak? De la Fuentek berak Bolivian giroturiko Minerita film laburrarekin eskuratu zuen aurrez sona eta, euskal zinema loratzen hasia den honetan, gogoeta merezi du inolaz ere.

Dena den, lurraldetasun aferetatik harago, filmaren kalitatea da nabarmentzekoa. Rotoskopia bidezko teknika oinarri, animaziozko istorio zirraragarria jorratu dute de la Fuentek eta Nenow poloniarrak, gihar narratibo eta mami sozial handikoa. Batetik, kazetaritza goratu nahi du filmak, itzalean geratzen den hori argitara eramateak suposatzen duen balentria. Azken finean, Kapuscinski izan zen Angolako Gerra Zibila, iraultza eta independentzia aurrez aurre bizi eta munduari kontatzeko gaitasuna zuen pertsona bakarretakoa.

Bere esku boterea, tekla bat sakatu eta informazioa publiko eginez, historiaren norabidea eraldatzeko gaitasuna. Erantzukizun horrek eragindako tentsioa abilezia handiz islatzen dute iruditan bi zuzendariek, baita gerrak itota bizi zen gizartearen kaosa eta zorigaitza ere.

Baina, bereziki, itxaropena gailentzen da kontakizunean, mundu hobeago bat eraikitzearen aldeko deiadarra. Zentzu horretan, fikzioak memoria historikoa lantzerako garaian duen ardura ere azpimarratzen du filmak, azken batean, Angolakoa Kapuscinskiren bizipenen artean zati txiki bat delako. Kazetari poloniarra Latinoamerika, Afrika eta Ekialde Hurbilean zehar izan zen hamaika iraultzaren testigu.

Funtsean, filmaren lorpen nagusietako bat da iragana eta orainaren arteko elkarrizketa hori eraiki izana. Pelikulak inspirazio iturri duen Another Day of Life liburuaren amaieran, Kapuscinskik bere buruari galdegin zion: zer izango da etorkizunean Angolan ezagutu eta nire bizitzan arrasto sakona utzi duten pertsonetaz?

Kapuscinskik duela 12 urte esan zion betiko agur mundu honi, baina Raul de la Fuentek kontakizuna eguneratu du bizirik jarraitzen duten garaiko protagonistekin elkartu eta euren testigantzak bilduz. Kronikari poloniarrak abiatutako bidea borobildu du zinemagile nafarrak, ezagutza eta memoriaren liburuan orrialde berri bat idatziz.