Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programari esker, arrakasta kritikoa eta ekonomikoa eskuratu duen Mr Link: jatorri galdua film estatubatuarra euskaraz ikusteko aukera izango da EAE eta Nafarroako areto nagusietan. Programaren 2019ko uztaren zazpigarren alea izango da.
Mr Link: jatorri galdua Chris Butlerrek zuzendutako eta idatzitako abenturazko film dibertigarria da. Lionel Frost ikertzaileak mitoak eta munstroak ditu ikergai, eta munduan zeharreko kondairen maisu da. Bilaketa etengabean, izaki arraro eta maitagarri batekin egingo du topo, bere espezieko azken alea den Mr. Link.
Piztiaren urruneko lehegusua izan daitekeen Yetiaren bila abiatuko dira adiskide berriak, eta Adelina Fortnight abenturazale adoretsuaren laguntza izango dute horretarako. Izan ere, Fortnight andereak dauka Yetien kokagunea adierazten duen mapa bakarra. Hirurek elkar hartuta, arrisku ugari gainditu beharko dituzte helmugara iristeko.
Filma honako zinem-aretoetan estreinatuko da euskaraz: Principe zinema (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Cinesa Urbil (Usurbil), Cines Florida (Gasteiz), Multicines (Bilbo), Gran Cinema Zugaza (Durango), Torrezabal zinema (Galdakao), Zornotza Aretoa, Golem La Morea (Iruña) eta Golem Alhóndiga (Bilbo).
Uzta oparoa
Mr Link: jatorri galdua’ filmaren estreinaldiarekin, zazpi dira jada aurten euskaraz estreinatutako filmak: ‘Dragoi Bola: Super Brolly’, ‘LEGO 2’, ‘Pirata arratoia, eta hazteko beste zenbait abentura’, Alfombra magikoa’, Terra Willy: Planeta ezezaguna eta Pokemon, Pikachu detektibea dira besteak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bitartez kudeatutako programa arrakastatsua da Zinema Euskaraz, eta 2019an ere, EiTBrekin elkarlanean zinema komunikazio kulturalerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri zuten urte hasieran.
Hala, abuztuaren 30ean helduko da hurrengoa: Playmobil. Bitartean, ikusmira handia piztu duen euskarazko estreinaldia jasoko dute aretoek uztailaren 5ean, Dibulitoon Studio ekoizpen-etxearen Elkano, lehen mundu bira euskal animazioa. Filmak harrera bikaina izan du zinema jaialdietan eta hainbat herrialdetako zinemetan izango da ikusgai.