Zuzendaria: Telmo Esnal
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria

Jaio al da euskal zinema? Joseba Sarrionandia jaunak aspaldi bota zigun erronka, eta badirudi azken urteetan euskal zinemagile belaunaldi berri bat buru-belarri tematu dela galderari erantzun bat emateko.

Izan ere, Telmo Esnal zuzendariak hizkuntza berri bat asmatu du, 2018. urtean plazaratutako DANTZA filmarekin. Paradoxa bat da, baina filmak hori lortu du: film ia-mutu batekin euskalduntasuna oinarri duen film bat egitea. Soilik Euskal Herrian burutu daitekeen film bat munduari eskeintzea, asmo eta zio unibertsalarekin.

Herria sakonki ezagutu beharra dago Esnal-ek egin duena lortzeko. Lantalde jakintsu eta puntako bat osatzea, abangoardiaren ametsaren bidetik; Basterretxea eta Larrukert-ek 1968.ean AMALUR filman egin zuten bezela. 50 urte pasa dira, eta euskal zinema jaio, loratu eta egonkortu delakoan nago. Jaio da jaio, euskararen herriaren zinemagintza.

Herri honen hizkuntza ugariak islatu dizkigu filmak. Gure gorputzek solasten duten hizkuntza. Gure urtaroek, lanbideek eta kosmobisioak hitzegiten dutena. Gure soinu antzestralen hizkuntza. Gure bizipozaren hizkuntza. Guzti horiek eta gehiago islatu ditu film miresgarri eta ausart honek.

Filmak konplexurik gabe arakatzen ditu sakoneko euskal hizkuntza guzti hauek, milaka urteetan gurekin sortu eta mamitu direnak. Keinu bakoitzean, mugimendu bakoitzean, gorputzen jirabira bakoitzean, euskalduna izatea zer den islatu digute.

Filmaren kontakizuna gure arimaren iturburuetatik jaiotzen da. Urtaroen pasaera, naturarekin elkarrizketa, eta gure non-eta-noiz-eta-nola guztiak jasotzen dituzten koordenadak. Filman erakusten diren arropak, eszenatokiak, kameraren joan-etorriak, dantzarien trebezia, eta herriaren topaguneak. Uneoro, hasieratik bukaerara, zinema-gramatika berri bat zabaltzen da gure begien aurrean. Oso gurea, baina oso berritzailea.

Musika ere aipatu beharra dago; izan ere, lan bikaina egin dute Pascal Gaigne eta Marian Arregi musikagileek. Ezinbestean, kontakizunaren parte den bidaia-musikala planteatu digutelako. Gure sustraietatik jaiotzen diren lore-sorta musikatuak, zinez.

Aita Barandiaran eta bere belaunaldia datozkit gogora. Hilzorian zegoen mundu bat, euskal kontakizunena, mito eta ipuiena, baserriz-baserri eta herriz-herri jaso eta gorde zituen belaunaldi bikain hura. Ahozkotasunaren erreinuan iraun zuen euskal mundu mitologiko hari idatzizko era eman zien jakintsu talde hura, hain zuzen ere. Gauza bera lortu baitu DANTZA filmak; alegia, herri gisa jauzia egitea eta gure barrenetako hizkuntza guzti horiek zinemaren lantresna berriarekin bizirik iraun-araztea. Iraungo dugula elkarri hitz-ematea, beraz.

Tradizioaren eta modernitatearen arteko borroka kupidagabea izaten ari da, globalizazioaren garaiotan. Haundien eta txikien artekoa. Zentruen eta periferien artekoa. Zinema bera, kultur-industria gisa, borrokaldi horren isla da, ezinbestean. Eta borroka hortan, herri eta hizkuntza batzuk hil egingo dira, animalia espezie ugari desagertuko, baina euskararen herriak jauziz-jauzi eta bereari eutsiz, irauten jarraituko du. DANTZA filmak zabaldutako bidetik aurrera eginez, alegia.