Zuzendariak: Jose Mari Goenaga, Jon Garaño
Urtea: 2010
Herrialdea: Euskal Herria
“Hanka sartzen jarraitzen dugu gaztiak ginenian moduan”
Badira pertsonarteko konexio batzuk ezin ditugunak ez ulertu ezta kontrolatu ere.
Sentimendu horiek ez dira bilatzen, norberaren bila etortzen direla dirudi, nahi ezean ere, heldu eta barruan geratzen zaizkizun horietakoak dira. Berdin da zenbat egun, hilabete edo urte igaro elkar ikusi gabe, Axun eta Maiteren begiradak gurutzatzen diren momentuan berriz ere une eta leku berdinera bidaiatzen dutela dirudi, umetan ohe gainean elkarrekin jolasten zuten unera.
70 urteko emakume bi, bizitza ulertzeko eta bizitzeko modu oso ezberdinak dituztenak, umeak zirela bizi ez zuten maitasun istorioa bizitzeko aukera izango dute, urteak eman dizkioten abantaila eta, aldi berean, oztopo guztiekin.
Egoerak sortzen maisu diren Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren lehen fikziozko luzemetraia da. Hasiera batean maitasun istorio bat gehiagori buruz izan zezakeen film bat , egoera konkretuen konplexutasun eta berezitasunari esker, gogoratzekoa den film biribil bat bilakatua. Bihotza eta arrazoiaren arteko erronka. Betebeharra eta nahiaren arteko gerra.
Identifikazioa oso ondo garatuta dago, eskutik datozen, gidoi lan bikain bati eta Itziar Aizpururen trebeziari esker. Hori dela eta Axunekin bat egiten dugu lehen unetik. Baliteke hasiera batean gure ama edota, nire kasuan, amona izan litekeela pentsatu, baina istorioa aurrera joan ahala berarekin erabat identifikatuta sentitzen gara; bere jarrera eta jokaerak bizitzan zehar guztiok bizi izan dugun egoerekin konparatu genezakeelako. Nork ez du noizbait beldurra sentitu sentitzen ari zenaren aurrean? Nor ez da sentimenduak kontrolatzen saiatu? Eta kontrol falta horren aurrean atzera pausu bat ematea erabaki?
Filmaren bereizgarritasun aipagarrienetako bat musika da, Pascal Gaigneren eskutik datorrena. Istorioan aktiboki parte hartzen duen baliabide izanik; Axunen bizitzan bera da isiltasun horrekin apurtzen duena, bere izaera aipagarri horren bereizgarri. Maiteren bizitza, ordea, musikaz betetako mundua da, bere ogibide eta bizitzako kide bezala daramana. Eta badirudi biak bat egiten duten unean musika bera ere protagonista izatera heltzen dela, horrela elkarrekin izan dezaketen bizitzaren adierazgarri bilakatu eta hirurak batera doinu atsegin bat sortuz.