Urtea: 2017
Herrialdea: Euskal Herria
Zuzendaria: Paul Urkijo

Gure haurtzaroaren baitan egon dira ipuinak beti. Helduak bilakatzen hasten garen heinean ipuin horiek istorio bihurtzen dira, eta hori egiten du Paul Urkijok bere lehen film luzearekin: ipuina genero filma bihurtzen du.

Euskal Herrian jaiotako askok ezagutzen dugu Patxi Errementariaren ipuina, haur edota guraso izatetik. Ohiko bildumako ipuin herrikoia, etxean edo liburutegian erraz aurkitzendena. Patxi izeneko errementaria, deabrua bera ere izutzeko gai den gizon bizardun hori. Filmak ere errementariaren izaera bakarti horri eusten dio, baina pantailarako fikzioak beste parametro eta behar batzuk eskatzen ditu. Narrazioa eraikitzeko pertsonaiek pisua izan behar dute bertan, eta gabezia hori nabaritu egiten da Errementarin Urkijok oso modu neurtuan filmatzen duen arren.

Girotze galantarekin hasten da filma, karlistaldia bezalako testuinguru historiko oso erakargarri batekin. Lainoak guztiz estaltzen duen basoko bide batean, gertaera garrantzitsu batek filmeko pisuko bi elementu aurkezten ditu: Patxi eta Zumalakarregiren urrea. Forma oso zainduan filmatuta dago, eta bost minutu eskas irauten duen sekuentziak filmean etorriko diren fenomenoak erakusten dizkigu: intriga, bat-batekotasuna eta kolpeak. Garrasiak, tiroketak eta mailukadak. Kolpez-kolpe eraikitzen da filma, xamurtasunetik eta isiltasunetik handitasunaren bilakaerara, Alex de la Iglesiari gustokoa zaion zaporera. Hasierako gertaera horretatik 8 urte igaro direla, Zumalakarregiren urrea errementariaren eskuetan dagoela ohartu gara, deabrua beraren eskuetan.

Azpimarratzeko elementu gehiago daude ere. Aktoreen aparteko lanetik hasita (Ramon Agirre eta Kandido Uranga ohi bezala puntakoak, baita Uma Bracaglia bere txikitasuna ondo markatuz), efektu espezialen berebiziko ikaragarritasuneraino. Jada ezaguna den Jon Serranok erabat sortzen du ia beldurrezkoa den genero filma. Euskal mitologiaren errotik sortutako film fantastiko bat.

Genero filma den arren, genero ikuspegi falta baduela aipatu daiteke. Egia da XIX. mendeko gizarte euskaldun herrikoi batean dagoela oinarrituta, baina Uxue haur protagonistaz gain, agertzen diren emakumezkoak bigarren plano batean daude oro har (Itziar Ituño bertan dago eta ez naiz ia konturatu ere egin).

Baina aipatu behar den elementu potoloa euskara da. Guztiz jabetzen ez garen arren, erabiltzen den euskara apartekoa da. Hizkuntzaren erabileraren originaltasunak sortzen du filmak hedatu nahi duen atmosfera hori, batez ere euskaldun hiztunengan. Pertsonaiek berreskuratutako arabako euskarak ulergarritasuna ez du galtzen eta ikusle euskalduna mantentzea lortzen du ematen zaion aparteko erabileraren ondorioz. Ipuinaren baitan murgilduta jarraitzen dugu euskara misteriotsuaren eta sugarren koloreei esker.