Gaurtik hasita eta ostiralera bitartean, Lurraldeak eta Mugak 2019: 10 urte dokumental garaikidearen orbitan udako ikastaroa jasoko du BilbaoArte fundazioak. Dokumentalgile zein profesional ospetsuek hartuko dute parte, eta ZINEBI jaialdiaren lakidetza izango du.

Balio bikoitza izango du ikastaroak. Batetik, zinema garaikidearen inguruko gogoetarako topaleku izango da, eta aurkezpenak, lantegiak, mahai-inguru eta hitzaldiak atondo dituzte horretarako. Bestetik, film dokumentalak ikusteko gune bilakatuko du hiru egunez Bilbo hiria.

Hala, zinemaren munduan ibilbide nabarmena egin duten hainbat profesional elkartuko ditu gaurtik hasita ostiralera bitarte: Apuntes para una película de atracos bere azken dokumentala (2019ko Goya sarietarako izendatua eta Bilboko Feroz 2019 Sarietan saritua) aurkeztuko duen Elias Leon Siminiani; Virginia Garcia del Pino, zuzendari ezaguna eta UABko Dokumentalaren Teoria eta Praktika Masterraren koordinatzailea; Elena Lopez Riera azken edizioan ZINEBI Jaialdiko Sari Nagusia irabazi zuen Los que desean film laburrarekin; Sra. Polaroiska Bilboko kolektiboa (Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe) Yo bailo tu película, ¿bailas tú la mía? lantegia eskainiko du bihar arratsaldean. El archivo: la última frontera hitzaldia eskainiko duen Josetxo Cerdan Espainiako Filmotekaren egungo zuzendariaren eta Estibaliz Alonso eta Aintzane Pagadigorria EHUko irakasleen partaidetzarekin osatuko dute egitaraua.

Itxiera ekitaldi modura, El cine documental: siempre nos quedarán los márgenes mahai-ingurua ospatuko dute ostiralean. Vanesa Fernández Guerra ZINEBIko zuzendariak eta Ruben Corral ZINEBIko aukeraketa batzordeko kideek gidatutako saioa izango da, eta ekimenera propio gonbidaturiko hainbat zinegileren parte hartzea izango du.

Ikusi egitaraua zein ikastaroaren inguruko informazio gehiago hemen.