Zuzendaria: Koldo Almandoz
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria

Benetan gara gizakiak eta animaliak horren desberdinak? Koldo Almandoz zinegile donostiarraren film berriak –eta bere lehen fikzioak- ez du galdera hau erantzuten, baina badu, bere titulua den Oreina-tik hasita, animaliekin lotura hori sortzen. Izan ere, Oreina-ko pertsonaia guztiek animaliek naturan izan ditzaketen rolak hartzen dituzte. Khalil (Laulad Ahmed) bizirauten saiatzen den animalia da; Martin (Ramon Agirre) animalia migratzailea; bere anaia Ramon (Patxi Bisquert) animalia autoktonoa; Joana (Erika Olaizola) animalia kaiolatua, eta Basozaina (Iraia Elias) harraparien harraparia da.

Pertsonaia guzti hauek periferiara kondenatuta daude; ez periferia geografiko soil batera, bai eta periferia sozial batera ere. Gizakiaren aktibitatearen ondorioz bultzatuak izan diren animaliak bezala, natura eta hiria banatzen/mugatzen diren toki horretan mugitzen dira, hara eta hona. Nahiz eta ildo narratiboaren ardatza Ramon eta Martin bizi diren Saria-Aginagako paduran kokatutako baserri bat izan eta anaien lotura bakarra den Khalil etorkina izan, pertsonaia guztiak mugimendu konstante batean dabiltza. Txalupan, trenean, motorrean zein Land Roverrean mugitzen dira, munduan beraien tokia oraindik aurkitu ez eta etengabe bilatzen arituko balira bezala.

Modu horretan, ez gaude, narratibotasunari dagokionez, film klasiko baten aurrean. Ez dago hasiera eta amaiera bat dagoen pertzepziorik; kamera zerutik jaitsi eta pertsonaia hauen bizitzaren puntu batean kokatu denaren zentzazioa dago. Testigu hutsa bilakatzen da ikuslea, apenas posizio zehatz bat hartzeko aukerarik gabe. Eta narratibotasun konbentzionalaren nolabaiteko ukapen horrek metrajearen zatirik zirraragarrienak oparitzen ditu. Jose Ramon eta Khalilen sekuentziek bezala non, angulak ezkutuan hartzen dituzten pertsonaia bi izanda, Oria ibaiko urak nabigatzen dituzten txalupan, beraien helburu bakarra denboraren igarotzea balitz bezala. Filmaren zati honetan zentzazioak eta sentipenak gailentzen dira, kontakizunetik atera eta mundu oniriko bati ematen zaio paso, pertsonaientzako katarsi bat balitz bezala.

Fikzioa eta dokumentala tartekatzen diren film baten aurrean gaude, beraz. Bi estilo hauen arteko muga oso fina eta nahasia da, are gehiago gaur egun, eta Koldo Almandozi ezin zaio ukatu iradokitzeko duen gaitasuna. Izan ere, batzuentzat zinema hori da; ez hainbeste erakustea, baizik eta iradokitzea, eta ideia hori azpimarratzen dute ere, agertzen diren eta pertsonaia ezberdinen errepresentazioak diren animalien irudiek: trikuak, azeriak, sugeak, ontzak eta titulua ematen dion eta Martin eta Jose Ramonen baserriko horma batean esekita dagoen Oreina disekatuak.

Agian ez gaude maisulan baten aurrean, baina berebiziko lan baten aurrean bai, ez bakarrik euskal filmografiarako pieza berezi bat izan daitekeelako, baizik eta, Oria ibaian kokatutako istorio bat izan arren, munduko edozein tokitan gertatu daitekeen istorio unibertsal baten aurrean gaudelako. Eta hori ez da gutxi, ez.