Emakumeek zuzendutako ikus-entzunezkoak edota emakumearen gaiak jorratzen dituzten filmetan jarriko du fokua Bermeoko Erroxape Emakume Taldeak ekainerako atondu duen fokuak. Ostiralero, gaueko 22:00etatik aurrera, egingo dituzte saioak, Bekoportalan.
Emakumeen gaiak azaleratu, kalera atera eta lehen lerrora ekartzea da ekimenaren xede nagusia eta, Emakunderekin lankidetzan, Bermeoko kaleak baliatuko dituzte horretarako: “Balioan jarri nahi dugu egindako lana, espazio publikoa okupatuz”.
Ekainaren 7an, Las maestras de la República (2013) Pilar Perez Solanoren dokumentalak zabalduko du egitaraua. Bertan, maistra errepublikarrek emakumeen eskubideen konkistan eta hezkuntzaren modernizazioan egindako lana ezagutaraziko du, eskola publikoaren eta demokratikoaren printzipioetan oinarrituta. Maite Alvarez de Zarate, Bermeoko Sorginorratz talde feministako kidea, izango da hizlari gonbidatua, eta Victoria Zarate Zurita (Madril 1893-Lisboa 1964) izeba zuen maistra errepublikarraren bizitzaren inguruan hitz egingo du.
Hurrengo ostiralean, ekainaren 14an, Cárceles bolleras (Cecilia Montagut, 2018) dokumentala proiektatuko da, eta zuzendaria bera izango da ondorengo solasaldiko protagonista. Filmak emakumeek kartzelan jasaten duten genero-diskriminazioan jarriko du fokua, desira lesbikoaren erabileran, espetxe-erakundearen aurkako erresistentzia gisara.
Kurdistango emakumeen erresistentzia izango da ardatza hilaren 21eko saioan, eta bertan Elkartasuna Kurdistaneko Emakumeekin plataformako kide batek, Rojavako Jinwar emakumeen herri askera egindako bisitan bizitako esperientzia azalduko du. Gaia testu-inguratzeko, Comandante Arian (2018) Alba Sotorra kataluniarrak zuzendutako filma proiektatuko dute.
Amaitzeko, zikloari amaiera emango dio ekainaren 28an Bread & Roses (Ken Loach, 2000) filmak. Bertan, etxeko langileen eta zaintza lanak egiten dituzten emakumeen lan baldintzak eta eskubideak izango dira mintzagai. Agurne Gaubeka bermeotarra izango da hilabeteko azken solaskide gonbidatua, lan harremanetan aditua eta sektore feminizatuen asesoramendu eta ekintza sindikalean 10 urteko esperientzia duen kidea.
Ezagutu xehetasun gehiago hemen.