Uda partera heltzen den hitzordua izanagatik, denborarekin iragarri zuen iragan martxoan 2019ko Caostica – Nazioarteko Film Labur eta Bideoklip jaialdia. Bada, abian da jada, eta ekainaren 1etik 10era bitarte ospatuko da, Artxandan zein Bilboko beste zenbait aretoetan.

CAOSTICA komunikabide, ikus-entzunezko ekoizpen, diseinu grafiko eta pedagogiaren arloko Bilboko profesional talde bat da, 15 urte baino gehiagoko ibilbide eta eskarmentua daukana ekitaldi hezigarri eta  kulturalen prestaketa zein promozioan. Hala, urtean zehar ospatzen diren Bilboko kultur agendaren ekimen eta hitzordu andanaren eragile eta antolatzaile dira, tartean Caostica – Nazioarteko Film Labur eta Bideoklip jaialdia.

Aurtengo egitarauak 17 herrialdetako 55 ikus-entzunezko lan aurkeztuko ditu lehiaketako atal ofizialean, eta Caosticako epaimahiko kideek lan horien artetik onenak aukeratu beharko dituzte. Edna Camposek, Mexiko Hiriko beldurrezko Macabro jaialdiko zuzendariak, María Ptqkek, ikerketa artistikoan adituak, eta Aitor Gutierrezek zinema zuzendaria, gidoilari eta errealizadoreak beteko dute lan hori.

Caostica Elkartea, Sarean Elkartea, Bilborock, Bilboko Berreginen Museoaren San Frantziskoko Komentuaren Aztarnategia, Yimby Ercilla eta La Ribera Bilbao izango dira ekitaldi eta emanaldi desberdinak hartzeko ondu dituzten espazioak, eta horrez gain, Gurutzetako Ospitale Unibertsitarioan dauden haurrek ere haientzat propio eskainitako saio bat izango dute ere.

Atal ofizialezko programazioaz gain, bestelako ekimen paraleoez osatuko dute egunotarako egitaraua: Bumayé! Cabezafuegok eta Beatroz Sánchezek burututako ikuskizun ‘lisergiko-martziano bat’; Mexikoko beldurrezko zinemaren inguruko hitzaldi bat Edna Camposekin; Kubricken zineman muntaiaren garrantziaren inguruko master class bat, Bartzelonako ESCAC eskolako Joan Marimón y Marc Mitjà irakasleekin; Freaks, la parada de los monstruos filmaren proiekzioa Andrés Truna Valentziarraren zuzeneko musikaren laguntzarekin; La vida y usted (Astiberri) Paco Alcázar-en azken komikiaren aurkezpena; edota umeentzako animaziozko laburren  proiekzioak.

Nabarmentzekoa izango da ere larunbatean, ekainaren 8an, Bilborocken egingo duten Doppelgängren Bizarre Party festa. Bertan, jaialdiaren sari banaketa ekitaldiaz gain, “zinemaren munduko eta kultura herrikoiaren bikoitz kutreei, kopia merke eta marka zuriei omenaldi egingo zaie”, antolatzaileek azaldu dutenez. Hala, film labur batzuen proiekzioaz gozatzeko aukera ere egongo da bertan, eta  Miguel Costas, Siniestro Total eta Aerolíneas Federales taldeen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, Peon Kurtz DJ-aren eta RGB Lover VJ-ren emanaldiekin batera.

Astelehenean, ekainaren 10ean, egingo dute amaiera ekitaldia. Ordurako sariak banatuta egongo badira ere, 17. edizioko palmaresa osatuko duten lanen proiekzioa egingo dute 20:00etan, Ribera kaleko 20. zenbakian.