Yannick Bellon (Biarritz, 1924) zinemagile lapurtarra zendu da bart Parisen. Euskadiko Filmategiak liburu bat eta atzera begirako ziklo bat eskainiko dizkio urte amaieran.

Yannick eta Loleh Bellon ahizpen artxibo irudia.

Denise Bellon joan den mendeko argazkilari eta magistratu konprometituaren alaba zen Yannick Bellon, eta, hala, mugimendu surrealistatik edan zuen txikitatik. Euskal Herrian eman zituen haurtzaroa eta nerabezaroaren zati bat, eta ospe handiko sortzaile izan zen Loleh ahizparekin egin zuen lan urte askoz.

Muntaketa‐ eta zuzendaritza‐lanak egin zituen zineman eta telebistan, film labur zein luzeak, beti haize kontra egindakoak. Zuhur eta, aldi berean, goxo tratatu zituen bere filmetako pertsonaiak, eta, mendetasuna arbuiatzearekin batera, beren duintasuna berreskuratzea zuten beti azken helburua. Bellonengan, hala, oso nabarmena da humanismoarekiko eta, beraz, feminismoarekiko konpromisoa, eta zantzu poetiko eta musikal ikusgarria ematen zien horrek bere filmei.

D’où vient cet air lointain? (2018) izan zen Yannick Bellonen azken filma, eta, hala, esan genezake frantziar zinemagintzaren ibilbiderik luzeena izan duen zinemagilea dela. Orain 70 urte, 1948an, Veneziako Zinemaldia irabazi zuen Goémons bere lehenengo film dokumental laburrari esker, eta 1974an Zilarrezko maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, La femme de Jean filmari esker.