2DEO – Euskarako Ikus-entzunezko Laborategia errealitate fisiko bat da. Iban Arantzabal koordinatzaileak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak aurkeztu dute gaur Kultura Garaikidearen Zentroan beteko duen espazioa. Horrekin batera, bigarren deialdi baten berehalakotasuna iragarri dute ere.
“Sektoreak eskatzen zuen halako elkartze bat, puntu amankomun bat. Eskari horren emaitza izango gara. Ikus-entzunezkoa zehar-lerro bat da, eta gu elkartze puntua”, ilusioz abiatu du aurkezpena Iban Arantzabal koordinatzaileak. Proiektua martxan bazen ere, egitasmoak beteko zuen espazio fisikoa atondu lanetan aritu dira azken hilabeteetan. Bada, aste honetan zabaldu ditu ateak 2DEO Ikus-Entzunezko laborategiaren egoitzak.
Euskarazko Ikus-entzunezko ekoizpena handitzea izango da xede nagusia, subjetu eta kanal berriak aztertuz, hartzaile berri batengana heltzea. Lau ardatz izango ditu proiektuak: estetika molde berrien lanketa, istorio berrien garapena, teknologia berrien uztartzea eta zabalkundea. “Egin, egin asko egiten dugu. Baina ez badugu zabaltzen… hor dugu erronka”, argudiatu du Arantzabalek.
Sektoreko hainbat profesional biltzen dituen lan-talde bat osatu dute, eta horiek aduratuko dira jardunaren oinarri izango den behaketa lana egiteaz: “Zer ekarri erabakiko dutenak izango dira. Egungo joerak aztertu eta zabalkunderako esparru berriak bilatuko dituztenak”. Estrategia bat sortzea izango da hurrengo hurratsa, bidelagunak lortu, elkarguneak sortu, sorkuntza bideratu eta hura testatzea. Azkenik, azeleragailua aipatu du Arantzabalek, ahultasunak aztertu, indarguneak baliatu eta prototipoak sortzeko fasea.
Egitasmoaren lehen aldia igarota, proiektu berriak erakarriko dituen deialdi berri baten berehalakotasuna iragarri du, gainera, koordinatzaileak: “Proiektu berriak galdegingo ditugu, 2deon horiek deseraiki eta, gutxinaka, berriro eraikitzeko. Hortxe duzue deialdia”. Aurreikusi dutenaren arabera, hamar egunen bueltan kaleratuko dute.
Amaitzeko, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak hartu dute hitza. Aldundiaren parte hartzea nabarmendu du Olanok, baina proiektu politikoaz harago, sektoreko profesionalekin elkarlanean sortutako ekimena dela adierazi du. Ormazabalek, bere aldetik, ilusioa eta anbizioa aipatu ditu Tabakalerak bazkide berri bat jasoko duelako, eta hori egikarizatzeko baliabide eta bultzadak eskertu dizkio GFAri.