Iragan ostiralean, maiatzaren 24ean, amaitu zen Kimuak egitasmoaren 2019ko deialdira film laburrak aurkezteko epea. Orotara, 65 izan dira izena ematen duten lanak.

Parte hartzeko denbora amaitzearekin, aurtengo edizioaren lehen langa gainditu dute Kimuak egitasmoaren antolatzaileek. Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko unea da orain, eta zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu dute horretarako:

  • Carlos Plaza. Donostia Kulturako Zinema Unitateko teknikaria.
  • Carmen Serrano. Andaluziako Juntako ‘Cortometrajes Andaluces’ film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea.
  • Garbiñe Ortega. Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta emanaldiak egiteko proiektuko zuzendaria.
  • Roberto Barrueco. Bartzelonako MECAL Nazioarteko Film Labur eta Animazio jaialdiko zuzendaria.
  • Ruth Pérez de Anucita. Donostia Zinemaldiko komunikazio arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.

Sortaren arduradunek adierazi dutenaren arabera, ekainaren 11n emango dute jakitera 22. katalogoa osatuko duten filmen aukeraketa.