Ezusteko handirik gabe banatu dituzte Cannesko Nazioarteko Zinema jaialdiaren sariak. Urrezko Palma irabazteko hautagai nagusietako bat zen Parasite izan da garaile, klase borroka eta familia loturak oinarri dituen komedia gordina.
Aita, ama, semea eta alabaz osatutako bi familia konbetzional dira protagonistak, aberatsak batzuk eta pobreak besteak. Inongo ikasketarik izan gabe ere, aberatsen alabaren ingeleseko irakasle lanetan hasiko da pobreen semea. Filmak aurrera egin ahala, hurbilago egongo dira bi familiak. Kinielek aurre-iragarritakoaren arabera, zinema beltzaren zertzeladak dituen Bong Joon-Ho zuzendari Hego Korearraren Parasite izan da onena Cannesen.
Urrezko Palma bezain garrantzitsua izan ohi da Epaimahaiaren Sari berezia frantziako jaialdian, eta Mati Diop senegaldarrarentzat izan da 72. edizioan, hain zuzen, sail ofizialean lehiatu den lehen emakume beltzarentzat. Dioperen lehen lan luzea da Atlantique saritua, eta Espainiara emigratzeagatik bizia arriskuan jartzen duen gazte senegaldar talde bat da protagonista.
Maila pertsonalean, Emily Beechamek (Little Joe) jaso du emakumezko aktore onenaren garaikurra; Antonio Banderas (Dolor y Gloria) aktore espainiarrak gizonezko aktore onenarena; eta Jean-Pierre eta Luc Dardenne (Le Jeune Ahmed) anaientzako izan da zuzendaritza onenarena.
Palmares osoa duzue segidan:
- Urrezko Palma: Parasite, Bong Joon-Ho
- Epaimahaiaren Sari Nagusia: Atlantique, Mati Diop
- Epaimahaiaren Saria: Ladj Ly (Les Miserables) eta Kleber Mendonça (Bacurau)
- Gizonezko Aktore Onena: Antonio Banderas, Dolor y gloria
- Emakumezko Aktore Onena: Emily Beecham, Little Joe
- Zuzendaritza Onena: Jean-Pierre eta Luc Dardenne, Le Jeune Ahmed
- Gidoi Onena: Portrait d’une jeune fille au feu, Céline Sciamma
- Camera D’Or saria (Opera prima onena): Nuestras madres, César Díaz
- Sari berezia: It must be heaven, Elia Suleiman