Datorren ostiralean amaituko da V. Kritika Lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta ari gara, gutxinaka, zuen proposamen eta interes mezuak jasotzen. Iratxe Fresneda zinemagile eta irakasleak, Donostiako Kresala Zineklubeko lagunek eta Zineuskadiko Jara Ayucarrek osatuko dute horiek baloratzeaz arduratuko den epaimahaia.

Bi aste pasa dira deialdia zabaldu, eta zuen sormenari gure lehiaketan parte hartzeko galdegin genionetik. Zineman jarduten baduzue, edota, besterik gabe, zinemazale bazarete, hauxe da zuen aukera: urten ere, zinemari buruzko errepertorioa biribiltzeko asmotan, zinema-aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzeko asmoa dugu. Hori dela eta, zeregin horretaz arduratuko den laguna behar dugu… eta zu izan zaitezke lagun hori!

Baina, bitartean, heldu da unea jasotako lanak irakurri, baloratu eta kritikari berria aukeratuko duten epaimahaikideak aukezteko. Lehenengo bi edizioetan Mikel Arregi Euskadiko Filmategiko zuzendari ohia, Juan G. Andrés kultur kazetaria eta Oihana Maritorena aktorea izan ziren epaimahaikideak. Hirugarren eta laugarren ediziorako, ordea, beste hiru lagun lotu genituen, Iñaki Lazkano kritikari eta irakaslea; Ane Muñoz zuzendari eta scritp-a; eta Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiko eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria, eta baita Donostia Kulturako zinema ataleko programazio arduraduna ere.

Bosgarren edizioa izango dugu aurten, eta bi urteko joerari jarraiki, kide berriak izango ditugu:

– Iratxe Fresneda Delgado(Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) euskal zinemagile, gidoilari eta unibertsitateko irakaslea da. 2016an, Irrintziaren oihartzunak dokumentala aurkeztu zuen Donostia Zinemaldiaren edizioan, Mirentxu Loyarte zinemagile iruindarraren bizipenei eta obrari buruzkoa, eta Lurralde Hotzak  dokumentala estreinatu du 2019an. Ikus-entzunezkoetan doktorea da, eta, 2004az geroztik, Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea da UPV/EHU unibertsitatean.

– Kresala Zinekluba zinemazale talde aitzindaria da Gipuzkoaldean. 1967an sortu zuten, Kresala Elkartearen baitako ekimen gisa, klandestinitatean, eta ibilbide komertzialetik at dauden izenburuak programatzen jardun dute ordutik, filmen osteko solasaldi mamitsuak bultzatuz ere bai.

– Zineuskadi Elkartea. ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide sortzaileen artean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta IBAIAeta EPE-APV 2014 urtetik, gainera,  Euskal Irrati TelebistaDonostia Zinemaldia eta Euskal Filmategia erakundeak ditu bazkide. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntza estrategikoa ematea du xede nagusi eta, ildo horretatik, enpresei eta profesionalei laguntza eskaintzen die nazio, Europa eta nazioarte mailan garatu eta zabaldu daitezen.

Jara Ayucar izango da entearen ordezkaria gure lehiaketan. Donostiako Zinemaldiko industria-sailean (Sales Office) hasi zuen Jarak bere ibilbidea, 2009an. Ordutik, nazioarteko ikus-entzunezko sektorearekin zerikusia duten lanekin uztartu du Donostiako Zinemaldiko Industry Club-eko lana; matchmaker aritu da nazioarteko hainbat merkatutan (MIPTV, MIPCOM, EFM de la Berlinale, Marché du Film del Festival de Cannes, FICG), zinematografia-banaketan (One Eyed Films, London) eta telebistako produkzioan (Bainet TV).