Mutafukaz komikiaren pantaila handirako egokitzapena sortu zuten 2017an Shojiro Nishimi eta Gillaume Renard zinemagile eta marrazkigileek. Interesa duen ororen eskura, Filmazpit katalogoan izango da aurrerantzean filma, nork bere etxean ikusi edota emanaldi publiko batean programatzeko.
Eusko Jaurlaritzak finantzatutako, eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin Donostia Kulturak kudeatutako programa da Filmazpit. Nazioartean arrakasta erdietsi duten lanak euskaraz eskaintzea du helburu, eta horretarako, euskaraz azpidatziak sortu eta interesa duen edonoren eskura jartzen ditu, tokian tokiko kulturgune, elkarte eta abarretan programatu ahal izateko. Baita etxean bertan azpidatziak deskargatu ahal izateko ere! Haur eta gazteentzako filmak, jaialdi tematikoetan eskainitako laburren bildumak, gai sozialak lantzen dituztenak, zein giza eskubideen urraketak salatzen dituzten ikus-entzunezkoak topa daitezke bertan, dozenaka.
Bada, zerrenda interesgarri horretara batu duten azkena izan da Mutafukaz (2017) animaziozko filma. Jorratzen diren gai nagusiak laguntasuna eta bizitzari zentzua aurkitzea badira ere, Dark Meat City-ko bizimodu kaotikoak berebiziko indarra hartuko du kontakizunean. Honela, zeharkako beste hainbat gai jorratzen dira ere: ziurgabetasun ekonomikotik hasita, kulturaniztasuna, klima aldaketa, berokuntza globala eta terrorismoraino.
Honako jaialdietan parte hartu du 2017an estreinatu zutenetik: 2017ko BFI London, Sail Ofiziala; 2017 Tokyo International Film Festival, Sail Ofiziala; edo/eta 2017 Annecy International Animated Film Festival, Sail Ofiziala.
Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua Filmazpit katalogoaren webgunean topatuko duzue.