Zuzendaria: Jacques Audiard
Urtea: 2018
Herrialdea: Frantzia, Belgika, Rumania, Espainia

Zein ederrak diren film batzuk!

Jacques Audiarden filmek pertsonaia oso erakargarriak eduki ohi dituzte, askotan ulergaitzak eta anbiguoak, zer egingo duten aurreikustea zaila izaten delarik (hor ditugu Un héros très discret, De battre mon cœur s’est arrêté, Un prophète edo Dheepan filmetako protagonistak). Orain arte egindako filmak lurralde oso desberdinetatik mugitzen dira, eta zaila izaten da Audiardek (bere ohiko gidoilari den Thomas Bidegain mauletarraren laguntzarekin) aurretik zer ibilbide hartuko duen jakitea.

Bere film berrian, The Sisters Brothers, pertsonaiek anbiguotasun hori mantentzen dute. 1851ko Estatu Batuetako mendebaldean soldatapeko hiltzaile gisa jarduten duten bi anaia protagonistak (John C. Reilly eta Joaquin Phoenix) odolez eta bolboraz beteriko zurrunbilo ilun batean murgilduta daude, indarkeria beraien egunerokoa izanik. Norbait hiltzeko mandatu berri bat jasotzerakoan, ordea, egingo duten bidaiak aldatu egingo ditu, batez ere Eli (Reilly), egiten dutenak gero eta nekatuago sentiarazten baitu. Berak bizimodu normalago bat eraman nahi du (garaiko berrikuntza zen hortzetako eskuilarekin duen gozamena horren isla da), baina anaia gaztea den Charlie (Phoenix) ez da horrelakoa eta aurretik idatzitako patu baten madarikazio baten gainean zamalkatzen dela dirudi. Hiltzaile bat da, eta horrela jarraituko du, ez ditu Elik dituen ametsak. Filman aurrerago jakingo dugu zerk “madarikatu” zuen Charlie, eta zergatik den sinesgabea eta axolagabea.

The Sisters Brothers western bat da, eta horregatik generoaren ezaugarriak erabiltzen ditu, batez ere “ilunabarreko western” bezala ezagutzen ditugunenak. Tiroketa bortitzak, paisaia zabalak eta menditsuak (asko Urbasa-Andia natura parkean errodatutakoak), zaldien gaineko bidaia, sutondoko loaldiak, urre sukarraren eragina, filmaren argazki eta musika bikaina (azken hau bereziki, Alexandre Desplatek sortua)… Filmotako pertsonaiek Charlierena bezalako madarikazio hori jasaten dute, eta normaltasuna irrikatzen ohi dute ere, Eliren antzera. Ezer gehiago ez izango bagenu, The Sisters Brothers zuzendari frantsesak egindako generozko film bat besterik ez zen izango. Ondo eraikita, baina ezer berezirik ez duena.

Hortaz, dirudienez Audiarden filmak ez du ezer berririk. Baina bi anaien istorioa beste zerbaitek aberasten du, asko gainera. Jasotzen duten mandatuak bi pertsonaia oso erakargarri sartzen ditu narrazioan, harrapatu behar duten Hermann Warm kimikoa (Riz Ahmed) eta anaien aurretik doan Morris detektibea aurrekoa harrapatzeko (Jake Gyllenhaal bikainak antzeztua). Egia esan, bi hauek agertzen diren bakoitzean, The Sisters Brothers filmaren western kutsua galtzen dela dirudi, eta beraien arteko elkarrizketak hausnarketaz beterik daude. Sisters anaiak hauekin elkartzen direnean elkarrizketak gehiagotuko dira eta generoaren arketipoak desagertu, pertsonaien gizatasuna kanporatuz. Western filmetan zorionak eskuraezina dirudi askotan, baina Audiarden filman laurek sortuko duten harremana itxaropentsua da (falansterioaren aipamena kasu).

Hori bai, The Sisters Brothers filmak azken zatian norabide aldaketa harrigarriak ditu, urrearenganako handinahiak bideratuta (ai, Charlieren madarikazioa!), horrela westernaren bidea berreskuratuz (gogoratu generoan beti tiroketa bat gehiago izaten dugula). Gero, bukaerako sekuentzia guztia, etxerako itzulera, hunkigarria da benetan, eta Audiardek emeki eta dotoreziaz muntatu du, denborarekin lirainki jokatuz.

The Sisters Brothers filma Venezian saritu zuten, eta aurreko Donostia Zinemalditik ere igaro zen Perlak sailan. Nazioartean durundia sortu du, eta kritika onak ere jaso ditu. Guk ere horrela ikusten dugu. The Sisters Brothers film aparta da, benetan.