Joseba Beristain (Azkoitia, 1978) musikagileak sortu du uztailaren 5ean Euskal Herriko areto nagusietara etara helduko den ‘Elkano, lehen mundu bira’ (Angel Alonso) animaziozko lan erraldoiaren soinu banda.
“Abenturazko musika” egitea izan du helburu proiektu honetan, eta horretarako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin grabatu du ia ordubeteko soinu banda sinfonikoa. Gainera, Enrike Solinis aintzinako musikan eta gitarran adituak ere parte hartu du bere errepertorioko lan batzuk filmerako egokituz, eta Beristainek sortutako pieza jakin batzuk gitarra mota desberdinekin interpretatuz.
Beristainek argi du soinu banda konposatzaileak, neurri batean, zinemagileak ere badirela, eta haiek bezala pentsatzen dutela. Musikaren helburua, halaber, kontaketari laguntzea dela azpimarratu du, eta horretarako balio ez badu, nolabait, soberan dagoela. “Musika ikuslearen eta pantailaren artean jartzen den film transparente modukoa da, eta ikusleak ikusten duen irudia eraldatu egiten du. Eta ez dago musika neutrorik. Horregatik, zuzendariaren eta musikariaren lana ardura handikoa da, hor jartzen denak zentzua izan behar duelako”.
Egindako lanaz, konposizio prozesuaz eta, oro har, ofizioaren ezaugarri eta Bristainen lan egiteko moduaz aritu gara solasean bere Azkoitiako estudioan. Hauxe duzue elkarrizketaren laburpen-bideoa.