Ikus-entzunezko kontakizun moldeak TRANSizio prozesu bitxia bizitzen ari dira, mainstream produkzioaren ikuspuntutik begiratuta noski. Zinemak, esate baterako, telebistako telesail izan nahi du, Marvel eta Star Wars frankiziek hasitako ibilbide arrakastatsua jarraituz. Telesailek, ordea, zinema izan nahi dute, filme handien egitura eta formak erreferentzia zuzenatzat hartuz.

AAA kategoriadun bideo-jokoekin antzeko gauza gertatzen da: zinemako superprodukzioen estiloa eskuratu nahi dute, betiere egitura-narratibo irekiak mantenduz. Eta telesail interaktibo berritzaileek, bideo-jokoen egitura horixe bera lortu nahi dute. Musikaren industria ere, TRANSformazio prozesu horretan sartuta dago, Streaming telesail-plataformak inspirazio iturri gisa erabiliz. LP-ren kontzeptua desagertzeko zorian dago, eta, bere ordez, gustukoen duzun talde edo bakarlariaren abesti berriak izango dituzu aldizka, ordainketa bidezko harpidetza dela medio.

Henry Jenkins, TRANSmedia kontakizunak lehen aldiz definitu zituen irakasle eta ikerlariak, 2006. urtean, gaur egungo errealitatea aurreikusi zuen, Convergence Culture: Where Old and New Media Collide lanean hain zuzen ere. Eta formatuen arteko TRANSmutazioa gaur egungo kultura digitalaren funtsezko oinarria dela argi dago.  Baina era berean, formatuen nahasketa azaleko kultura-hibridazioa dela esan daiteke, formatuen berezko ezaugarrien arteko hizketa soila.

Jenkins-ek komunitateen sormen-ahalmenaren garrantzia azpimarratu zuen ere lan horretan. Dudarik gabe, komunitateen parte-hartzea kultura digitalaren bigarren funtsezko oinarria da. Eta parte-hartze hori mainstream kultura-industria TRANSnazionalen eragina baino askoz ere esanguratsua da. Hizkuntzaren bilakaeran eragin zuzena baitu,Teresa de Laurentis teorialari feministak landutako semiosis fenomenoan konkretuki. Semiosis prozesuaren bitartez, kultura batek zeinuei esanahiak ipintzen dizkie. Eta hori, epe luzera begiratuz gero, benetako kulturaren bat-egitea edo hibridazioa suposatzen du.