Emakumeek gizartea eraldatzeko komunikazioaren alorrean egiten duten lana azaleratu asmotan, emakume zinegileentzako “proiektu-amaierako” lehiaketa aurkeztu du KCD Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Maitzaren 15etik 30era bitartean aurkeztu ahalko dira partaideak.

Komunikazio Alternatiboko Sarearen (CARaren) esparruan jorratuko da jarduera. Gizarte konpromisoa duen ikus-entzunezko komunikazioari lotutako pertsonek osatutako sarea da, eta helburuetako bat da elkarren arteko harremana sortzea: zinema esparruko emakume zuzendariak batetik eta dagoeneko KCD GGKEarekin harremana duten zinema-jaialdiak edota etorkizunean harremana izan lezakeenak bestetik, ahalik eta leku gehienetan erakusteko gizarte-gaiak lantzen dituzten lanak. Horrekin batera, CAR Sarearen helburuak, eginkizunak eta jarduerak ahalik eta gehien zabaltzea da xedea, sareari atxikitako pertsonen eta elkarteen kopurua handitu eta gizarte-gaiak lantzen dituzten ikus-entzunezko lanak ezagutzera emateko.

Hala, ekoizpen prozesuaren azken fasean dauden gizarte-zinemako emakume zuzendariei zuzendutako lehiaketa da, lana ahalik eta hoberen burutzeko laguntza ekonomiko txiki bat jaso dezaten. Ekimen horri esker, gizarte-edukiko lana sortu eta ezagutzera emateko azken urratsak burutu ahal izango ditu zinemagile onuradunak.

Munduko edozein lekutako emakume zuzendariek edo zuzendarikideek har dezake parte, adinez nagusiak badira. Lana pertsona batena baino gehiagorena bada, zuzendarikide guztiek baimendu beharko dute lana lehiaketan aurkeztea. Partaideen ardura da lehiaketan izena ematean benetako informazioa ematea, eta zuzendarikide gisa identifikatutakoen artean emakume bat baino gehiago badago, lehen saria horien guztien artean banatuko da.

Partaideek lehiaketarako aurkezten duten lanak gizarte-edukia izan behar du, gizartea eraldatzeko komunikazioaren inguruan KCD GGKEak kaleratu dituen irizpideen araberakoa. Hala, bereziki baloratuko dira esparru globalean hegoaldeko herrialdeetako emakumeek egindako lanak, edo toki-esparruan baztertutako taldeetako emakumeek egindakoak. Lan hauek fikziozkoak izan daitezke, dokumentalak nahiz animazioak. Film laburrak izan daitezke, ertainak edo luzeak, eta edozein hizkuntzatan egon daiteke. Onarri bezala, ordea, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez azpititulatuta aurkeztu behar dira lehiaketan.

Lanak bidaltzeko erak

KCD erakundearen webgunean dagoen «2019ko proiektu-amaierako lehiaketarako» inprimakiaren bidez soilik bidali ahal izango dira lanak, 2019ko maiatzaren 15etik ekainaren 30era, bi egunak barne, eta aurkezten diren lehenengo 15 lanak baloratuko ditu hautaketa-batzordeak.

Lanak izena emana duela joko da inprimaki ofiziala jasotzen denean, eskatutako informazio guztia jasota duela baieztatzen denean, alegia. Aldez aurretik adierazi dute, gainera,  baztertu egingo direla 2019ko ekainaren 30a baino lehen eskatutako dokumentazio guztia bidaltzen ez duten lan guztiak.