Abian da Santurzineren atzera kontua. Herri marinela film laburrez beteko du jaialdiaren VII. edizioak urriaren 4tik 19ra, eta zabaldu dute jada proiektatuko diren lanak hautatzeko deialdia.

Ostiraletik aurrera, zabalik da jaialdia mamituko duten ataletarako proposamenak bidaltzeko epea: fokua herrian bertan jarriko duen Santurtzi; Estatu mailakoa izango dena; euskal lanak oinarri izango dituen Euskal Pantaila; eta azkenik, Ibiltariak. Lehenegoaren epea irailaren 5era arte luzatuko da, gainerakoena, ordea, laburragoa izango da: abuztuaren 5a arte, alegia.

Aurreko edizioetako baldintza berak mantenduko dituzte zazpigarren honetan ere. Hala, Santurtzi atalerako film laburrak 15 minututik beherakoak izan beharko dira, eta herrian grabatutako plano bat izan beharko dute gutxieneko. Estatu mailakoan, aldiz, 2018ko urtarrilaren 1era arte errodatutako lanak aurkeztu ahal izango dira. Euskal Herrian errodatutako ikus-entzunezkoak izango ditu ardatz Euskal Pantailak atalak, eta hain zuzen gure lurraldean filmatutakoak izatea izango da parte-hartze baldintza bakarra. Azkenik, Ibiltariak atalari dagokionez, Amnesty International erakundearekin batera gauzatuko dute aurten ere, eta sexu-indarkeria eta bere alderdi guztiak izango ditu aztergai.

Lan guztiak Movibeta eta Click for Festivals plataformen bidez, edota seleccion@santurzine.es posta elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, eta horretarako oinarriak ikusgai daude jada jaialdiaren webgunean.