Badator Animadeba jaialdiaren 11. edizioa. Izaera berritua eta inoizko proiekzio handienarekin, uda garaian ospatuko da aurten estreinakoz, ekainaren 19tik 23ra. Aurkeztu dituzte jada sail bakoitzetik igaroko diren filmak.
Debako Nazioarteko Animazio Zinemaldia da Animadeba, hamarkada luzeko ibilbidearen ostean, mostra izateari utzi eta nazioarteko jaialdi bilakatu dena. Animazioa haur zein helduentzako generoa dela aldarrikatzeko, eta bertan zein gure mugetatik kanpo ekoitzitako film labur eta luzeei ikusgarritasuna emateko sortu zuten orain dozena bat urte. Gabonetako oporraldia baliatuta, Debako Agirre jauregiko ispiluen gelan egiten zituzten emanaldiak, lehen urteetan, lehiarik gabe. Baina festibala forma hartzen joan da azken edizioetan, eta gortina lehiaketa lehenik, eta film laburren sail lehiatua aurten, gehitu dizkiote ekimenari.
“Erakustaldia etengabe hazi da, handia egin arte. Hamar urte eta gero, formulak funtzionatzen duela frogaturik, Animadeba festibalak merezi duen garapen naturala dela uste dugu” azaldu zuen Aitor Oñederra euskal zinemagile eta jaialdiaren antolatzaileak urte hasieran. Bada, 1349 proiektu jaso dituzte aurtengo deialdian, inoizko parte-hartzerik altuena. Debako 18 gizon eta emakumez osatutako Hautaketa Batzorde baten esku egon da lehiaketako Sail Ofizialean parte hartuko duten aleen aukeraketa, eta beste hainbeste egin dute ere Zuzendari Berriak EHU sailean arituko direnekin
Aurkeztu dute jada programazioa, eta emaitzarekin pozik egoteaz gainera, hunkituta daudela adierazi du ere Oñederrak: “Originaltasun eta ahalmen sortzaile handia ikusi ahal izango da Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak atalean zein Panorama Sailean. Film Labur bakoitza proposamen ezberdin bat da, animazio teknika desberdinei eta edukiari dagokionez”.
Hala, hurrengoak dira Sail Ofizialean parte hartuko duten izenburuak: Lauren Greenfield: How Capitalism Exploits Insecurities (Lena Greene, AEB); A bus (Wen yu Li, Txina); Cómo y porqué se ha esfumado Don José (Moshe Ben-Avraham, Israel); New York After Rain (Haisi Hu, AEB); Le Mans 1955 (Quentin Baillieux, Frantzia); The Bird & the Whale (Carol Freeman, Irlanda); Flut (Malte Stein, Alemania); Soy una tumba (Khris Cembe, Espainia); 32-Rbit (Victor Orozco Ramírez, Alemania) eta Muedra (César Díaz Meléndez, Espainia). 10 proposamenek 500 euroko saria jasoko dute soilik lehiaketan hautatuak izanagatik.
Zuzendari Berriak EHU/UPV sailari dagokionez, beste hainbeste izango dira filmak: Them People (Nausheen Javed, Alemania); It’s wet! (Alexis Godard, Nan Huang, Frantzia); Your Future (Petra Stipetic, Maren Wiese, Frantzia); John don’t know nothin (Conor Kehelly, Erresuma Batua); The incredible Wardrobegadget of Dr. Stein (Gabriela Pla?ková, Txekiar Errepublika); Las del diente (Ana Pérez López, AEB); Fuse (Shadi Adib, Alemania); Not Yet (Tímea Laura Varga, Hungaria); No gravity (lan kolektiboa, Frantzia) eta Stuck in the middle (lan kolektiboa, Frantzia). Zuzendari Berriak sailari dagokionez, sari bakarra egongo da, 300 eurokoa, eta EHUk banatuko du.
Atal bakoitzari zuzendutako ordain sariez gain, aukeratutako film labur guztiek jaso ahal izango dute sari ofizialik, izan Film Laburrik onena -garaikurrarekin saritutakoa-, Gidoirik onenarena -garaikurrarekin saritutakoa-, edota Ikuslearen Saria -diploma bat jasoko duena-.
Panorama saila
Jaialdiaren aurreko edizioetan esku hartu duten zinema munduko pertsona ospetsuen ibilibideari aitortza egin asmoz, musikagile, musikari eta zinemagile den Fermin Muguruzak, Black is Beltza film luzea aurkeztuko du Panorama sailean. Bestalde, Raúl de la Fuente, Un día más con vida filma ikusteko aukera egongo da ere. Azkenik, Malagako Zinemaldiaren 23. edizioaren soinu banda onenaren saria lortu berri duen Salvador Simo Busomen Buñuel en el laberinto de las tortugas lana proiektatuko da.
Jaialdiaren inguruko informazio gehiago, hemen.