Euskal Zine Bilerak, aurten Lekeitiok jasoko duten Ibilaldiarekin ekarlanean, Maider Oleaga bilbotarraren Muga deitzen da pausoa filmaren aurrestreinaldia egingo du gaur, maiatzaren 17an. Ikusgarri zinema aretoan egingo dute saioa, 19:30etik aurrera.

Sei urteko errodaje prozesu luze baten emaitza da Muga deitzen da pausoa, eta Donostiako etxe zahar batean bi emakumezkoren artean emandako topaketa metaforiko batek ardaztuko du proiektua. Orainaren eta iraganaren, bizitzaren eta heriotzaren arteko konexioa sortuko du topaketa horrek: haietako bat zinemagilea da eta bestea 1982an zendu zen Elbira Zipitria andereñoa. Ira ezizenez ere ezaguna, garai batean Donostiako ikastola bakarraren sortzaile izan zen. Etxean bertan irakasten zuen, gerraostean, klandestinitate egoeran.

Filmaren zuzendaria bizi da orain etxe horretan. Berak ez zuen Elbiraren berri, baina jakin zuenean, hari buruzko filma egitea erabaki zuen. Kontatzea pena merezi duen emakume baten istoria da hau, Oleagaren begirada pertsonaletik.

Bizkaiko ikastolen alde

Datorren astean egingo dute estreinaldi handia Hego Euskal Herriko areto nagusietan, baina horren aurretik, aurrestreinaldi saio berezi bat egingo dute gaur Lekeition. Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, jasoko du herriak igandean, eta ospakizunaren baitan egingo diren ekitaldi horietako bat izango da filmaren aurkezpena. Herriko Ikusgarri aretoan egingo dute, eta solasaldia izango da ostean.