Amaitzear da Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolaren 2019-2020 ikasturteko matrikulazio epea. Maiatzaren 31ra arte jasoko dituzte ikasle izan nahi dutenen eskaerak.

67. Donostia Zinemaldiarekin batera hasiko dute ikasleek ikasturtea, eta 68. Donostia Zinemaldiko azken egunean amaituko dituzte eskola presentzialak. Orotara 45 ikaslerentzako lekua du Elias Querejeta Zine Eskolak, ibilibide bakoitzean (Artxiboa, Kuraduria eta Sorkuntza) hamabost ikasle onartuko baitituzte.

Iragan otsailean zabaldu zuten, eta bi epetan gauzatu dute onarpen prozesua. Lehen aukeraketa bat egin dute jada deialdia zabaldu zutenetik martxoaren 31ra arte izena eman duten horiekin, eta apirilean jakinarazi zieten onartuak izan ziren ala ez. Bigarren txanda bat egingo dute orain apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean aurkeztuko direnekin. Hautatuak diren ikasleek ekainean jasoko dute berrespena.

Ikasleek datu-pertsonalak eta jasotako formakuntzaren agiriak ez ezik, eskolan ikasteko dituzten arrazoiak azalduko dituen gutun/bidea ere gehitu beharko diote izen emate inprimakiari. Goi-mailako titulurik eduki ez arren, interesa duen edonork eskolan sartzeko aukera izango duela adierazi dute arduradunek, eta ikus-entzunezkoen alorrean egindako ibilbidea eta eskolan garatu nahi duen proiektua zeintzuk diren azaldu beharko da horretarako.

Onarpenaren berrespena behin betikoa izango da EQZEk adierazitako epean plaza-erreserbaren seinalea ordaindu ondoren. Hala, onartua izan dela egiaztatu ondoren, matrikula egin eta ordaintzeko behar duen informazio guztia jasoko du ikaslegaiak, ordaintzeko modua eta epeak barne. Matrikula egiteak berekin dakar programa onartzea.  2019-2020 Ikasturteko matrikularen prezioa 3.900 euro izango da (onarpen administratiboaren zain) barne hartuta administrazio- eta kudeaketa-gastuak, tasak eta aseguruak.

Beste edozein zalantza ala iradokizunik edukitzekotan, posta elektronikoz (info@zine-eskola.eus) edo telefono bidez (+34 943 545 005) kontaktatzeko gonbitea zabaldu dute.