IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Donostia Zinemaldiko Industria departamentuak antolatuta, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XV.edizioa egingo dute 2019ko irailaren 24tik 26ra bitartean, Donostia Zinemaldiaren esparruan. Uztailaren 12a da proiektuak aurkezteko epe-muga.

Dokumental bat aurkeztu nahi duten, eta harentzako Europako koprodukzioaren bila dabiltzan produktore independenteei dago zuzenduta deialdia. Foroa elkargunea izango da, sektorean diharduten profesionalentzako topagunea. Proiektu dokumentalak finantzaile izan daitezkeneei eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza, hain zuzen ere.

Hautatutako proiektuek aukera izango dute Zinemaldian bertan Pitching aurkezpenak egiteko, tailerretan parte hartzeko eta mundu osoko ekoizleekin banakako bilerak egiteko. Tailerretan, hain zuzen, pitching aurkezpenak nola egin ikasiko dute parte hartzaileek, bi egun geroago izango duten aurkezpenera prest iristeko. Bertan, euren proiektua ezagutaraziko diete industriako profesional eta produktoreei, eta haiek gustuko badituzte, beren babesa emango diete.

Commissioning Editors aditu taldeak berak egingo ditu epaimahai-lanak, eta haren esku egongo da ere proiektu irabazlearen aukeraketa. IBAIA Saria jasoko du, 3.000 €-ko ordainsaria, epaimahaiaren aburuz, aurkezpena, originaltasuna, tratamendua eta zabalkunde-indarra hobekien transmititzen dituen proiektuak.

Profesional interesatuek, parte-hartze inprimakia bete beharko dute eta, zehaztutako dokumentazioarekin batera, uztailaren 12a baino lehen bidali.