Hilaren 14tik 25era Cannesko Nazioarteko Zinema Jaialdira begira izango dira zinemagintzaren eragile eta aktore nagusiak, eta mundu mailako proiekzioa izango dute bertatik pasako diren film eta proiektuak. Euskal zinemagintzaren ordezaritza bat ere han izango da, Marché du Film merkatuan.

Zineuskadik Etxepare Euskal Institutua eta Eiken Klusterrarekin duen lankidetzari esker, euskal zinemaren ordezkaritza izango du Cinema from Spain eremuak. 65 proiektu zinematografiko dituen katalogoa banatuko dute bertan, garapen, ekoizpen edo amaituta dauden lanen mostra bat, eta hamaika dira bertan ikusgai izango diren euskal ekoizpenak. Garatzen ari diren proiektu horien artean, esaterako, hiru NOKA Mentoring programaren hautaketaren barruan daude. Bestetik, jada amaitu edo estreinaturiko lanei dagokienez, zazpi 2018ko KIMUAK sortakoak dira.

Orotara, 36 euskal enpresaren lanak bilduko ditu katalogoak: Abraprod, Adabaki Ekoizpenak, Amania Films, Area Audiovisual, Arena Comunicación, Arquetipo Comunicación, Banatu Filmak, Basque Films, Dibulitoon Studio, Doxa Producciones, Dynamite Films, Emana Films, En Buen Sitio, Fase 3, Frágil Zinema, Gariza Films, Gastibeltza, Ikusgarri Films, Irusoin, Izar Films, Kinoskopik, Lago & Laporta, Limbus Filmak, Lotura, Lumiere Produzzioak, Maluta Films, Marmoka Films, On Produkzioak, Pimpi&Nella Films, Salto de Eje, Sayaka Producciones, Sirimiri Films, Sr&Sra Producciones, Taui Media, Trepamuros eta Txintxua Films.

Bestalde, badira ere jaialdiaren atal espezifikoetan lehiatuko diren proiektuak.Lan azpimarragarri horien artean dago Iban del Camporen Glittering Misfits (Limbus Filmak): Málaga Goes to Cannes atalean parte hartzeko hautatu dute, eta, hala, maiatzaren 18an izango da ikusgai. Bestetik, Fantastic 7 ekimenean hartuko du parte Fragil Cinema (Juanma Bajo Ulloa) ekoiztetxeak Baby lanarekin. Maiatzaren 19an egingo den pitching saio batean aurkeztuko dute proiektua.