Jarduna urte hasiera abiatu bazuen ere, propio sorturiko eremutik kanpo aritu dira lanean 2DEO Ikus-entzunezko Laborategiaren zerbitzuen onuradunak. Maiatzaren amaieran egingo dute 2deo espazioaren irekiera ofiziala, eta hainbat ekintza atondu dituzte datozen asteetarako.
Orain hilabete batzuk, uztailan hain zuzen ere, aurkeztu zuten 2DEO egitasmoa. Milioi bateko laguntza eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakalerari proiektua martxan jartzeko, eta Iban Arantzabalek koordinatuko du hasierako fasean. Lan-ildo zehatz batzuen inguruan egingo gauzatuko dute haien jarduna: sorkuntza gunea den aldetik, sormenera bideratuko dira laborategiaren jarduera nagusiak, baina ezinbestekoa izango dute ere industriaren parte hartzea ideia berrien kabi eta erakusleiho izateko.
Hala, ikus-entzunezko sektorearen eragile nahiz norbanakoei zuzendutako deialdia aurkeztu berri zuten iaz. Proiektuen esperimentazio faseari babesa ematea da programaren helburu nagusia, eta kontzeptuen garapenetik hasita, lehen produktua ekoiztera arte lagunduko ditu. Deialdia amaitu eta hautatu zituzten lehen proiektu onuradunak, eta 6 hilabeteko denbora epea emango diete orain garapenerako. Horretarako, proiektuak garatzeko lekua, baliabideak eta diru-laguntza jaso dituzte, sektoreko agente ezberdinekin lankidetza harremanak sortzeaz gainera.
Proiektua martxan bazen ere, egitasmoak beteko zuen espazio fisikoa atondu lanetan aritu dira azken hilabeteetan. Bada, maiatzaren amaieran zabalduko ditu ateak 2DEO Ikus-Entzunezko laborategiaren egoitzak. Hilaren 31ean, ostiralean, egingo dute irekiera ekitaldi ofiziala, sektoreko profesionalen agerraldia hartuko duen prentsaurreko baten bidez. Laborategia, ordea, maiatzaren 27tik egongo da zabalik, proiektuetan lanean ari diren norbanakoek bere beharren arabera kudeatu dezaten.
Data heldu bitartean, hurrengo ekimenak iragarri dituzte datozen egunetarako:
- VFX Industriari Buruzko Jardunaldi Bereziak. Maiatzaren 18an.
- Tabakalerako zinema departamenduak eta 2deo ikus-entzunezko laborategiak duten elkarlana jarraituaz, J.B.A (Jatorrizko Soinu Banda) fokuaren saio berri bat aurkeztuko dute maiatzaren 25. Isaki Lacuestaren Entre dos aguas proiektatuko dute Raül Refreeren zuzeneko musikarekin.