Ipar Euskal Herriko eta Frantziar estatuko areto ugaritan izango da ikusgai Black is Beltza animaziozko filma, bere estreinalditik urte erdi pasatxo igaro denean. Maiatzaren 8an egin zuten aurkezpen ofiziala Parisen, eta programazio luze andana lotu dute ostean.1995eko urrian abiatuko da istorioa: New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbitea jaso du Iruñeako San Fermin jaietako erraldoien konpartsak, baina arraza bereizkeria dela eta, ezingo dute denek parte hartu. Agintari ipar-amerikarrek debekatu egingo dute erraldoi beltzen parte-hartzea.

Gertaera historiko hori izango du oinarri Black is Beltza ikus-entzunezkoak, erraldoi horietako bat garraiatzeko ardura zuen Manex pertsonaiaren larruan sartuta. Ezustekoz betetako bidaia luze batean murgilduko da Manex, 1960. hamarkada ulertzeko giltzarri diren hainbat gertaera bertatik bertara ezagutuz:  Malcolm X-ren hilketak eragindako kale gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bizarroa, Black Pantherrek Kubako zerbitzu sekretuekin harilkatutako harremana, edo hippyen hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoan.

Filmean, besteak beste, Unax Ugaldek, Isaach de Bankolek, Sergi Lopezek, Ramon AgirrekRamon Bareak eta Willy Toledok jarri dituzte ahotsak, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz.  Musikari dagokionez, Muguruzaren gidaritzapean sortutako proiektua izanik, bereziki zaindua dagoen alorra izango da. EiTBren parte hartzea izango du soinu bandak, eta honako artistek jarriko dute alea: Fermin Muguruza bera, Anari, Maika Makovski, Manu Chao, Yacine, Ana Tijoux, Iseo….

Urrutira joan gabe, Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan izango dira ikusgai Manex protagonistaren abenturka: Baionako Atalanten proiektatuko dute ekainaren 3ra bitartean; eta Miarritzeko Le Royal zinema gelan izango da ekainaren 5etik 12ra. Ondoren, Donibane Lohitzunen, Kanbon, Hendaian, Hazparnen, Maulen, Donapaleun eta Donibane Garazin ere izango da ikusgai.

Gabarra Films banatzailearen atarian topa dezakezue emanaldien zerrenda osatua.