Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker, eta  BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideek REC grabaketa estudioarekin sinatutako akordio puntuala medio, Pokemon Pikachu detektibea filma euskaraz ikusteko aukera izango da Hego Euskal Herriko areto askotan.

Harry Goodman detektibearen desagerpenak abiatuko du istorioa. Tim, bere 21 urteko semea, gertatutakoa ikertzera behartuko du horrek, eta Pikachu detektibearen, Harryren Pokemon kuttunaren, laguntza izango du horretarako.

Bilaketa hasi eta gutxira, Tim eta Pikachu ohartuko dira elkarren artean era ikaragarrian komunikatu daitezkeela, eta elkarrekin abentura hunkigarria biziko dute misterio bitxia argitu bitartean. Pokemon ezberdinekin egingo dute topo, eta elkar bizikidetza baketsua suntsitu eta Pokemon unibertso osoa mehatxatu dezakeen konplot beldurgarria argitara emango dute.

Pokemon, Pikachu detektibea filmaren estreinaldiarekin, zazpi dira jada aurten euskaraz estreinatutako filmak:  ‘Asterix eta hedabe magikoaren sekretua’ , ‘Dragoi Bola: Super Brolly’, ‘LEGO 2’, ‘Pirata arratoia, eta hazteko beste zenbait abentura’, Alfombra magikoa’ eta Terra Willy: Planeta ezezaguna  dira besteak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bitartez kudeatutako programa arrakastatsua da Zinema Euskaraz, eta 2019an ere, EiTBrekin elkarlanean zinema komunikazio kulturalerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri zuten urte hasieran.

Bikoizketarekin eta azpidatziekin lotutako aferak eztanda egin zuen, ordea, iragan neguan. BIEUSE elkarteko kideen erabakia izan zen eztabaidaren jatorria: urtarrilaren amaieran planto egin, eta Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programarako zein EiTBrentzako bikoizteari uko egingo zioten lan bolumena handitu eta baldintzak hobetu arte. Akordio puntual baten berri eman dute orain, REC grabaketa estudioarekin bikoizketa arautuko duen hitzarmena bultzatzeko aurrekari bat, eta horren ondorioz Pikatxu Detektibea filma bikoiztea onartu dute BIEUSEko kideek. Elkarteak berak zabaldutako adierazpenean argi utzi dute, ordea, onarpen honek ez duela adierazten aurrerantzean Zineuskadiren filmak bikoizten hasiko direnik.

Honako zinema-aretoetan ikusi ahal izango da bihartik aurrera:

  • Zugaza, Durango.
  • Meatzari Aretoa, Muskiz.
  • Usurbe Antzokia, Beasain.
  • Getxo Zinemak, Getxo.
  • Max Ocio, Barakaldo.
  • Multicines, Bilbao.
  • Golem Alhondiga, Bilbao.
  • Golem Morea, Iruñea.
  • Cines Antiguo Berri, Donostia.
  • Cines Niessen, Errenteria.
  • Cine Florida, Gasteiz.