2 urte, 4 hilabete izeneko dokumentalaren errodajearen azken fasea diruz laguntzeko crowdfunding kanpaina abiarazi dute. Intsumisioaren inguruko gogoeta egiteko bidea, eta, halaber, egungo gazteek soldaduskara joan behar ez izatea erraztu zuten intsumiso horiei eskerrak emateko modua izango da proiektua.

2 Urte, 4 Hilabete dokumentalak derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen istorioa azalduko du. Gauza asko daukate komunean 6 lagunek: denak giltzaperatu zituzten soldaduskari uko egin ziotelako, eta denek nahiago izan zuten kartzela ejertzitoa baino. Arrazoi desberdinek bultzatu zituzten intsumisioaren bidera, izan bakezaletasuna, ideologia anarkista edo abertzaleak edota sinesmen erlijiosoak, baina inposaketaren alde erakutsitako ausardiak bateratu zuen haien borroka. Konbentzimendu eta duintasun osoz, Estatua garaitzea lortu zuten.

Lander Garro da proiektuaren zuzendaria, eta IZAR Films eta Labrit Multimedia ekoiztetxeen babesa izan du. 80 minutuko iraupena aurreikusi diote dokumentalari, eta egun 50 urte inguru dituzte 6 intsumitu izango dira protagonistak. Elkarrizketak, artxiboko argazkia, dokumentu eta bideoak, eta oraindik errodatzeke dauden irudiek osatuko dute kontakizuna, intsumituak preso egin ziren Iruñeako kartzelaren eraisketa erakusten duten irudi esklusibo batzuekin batera.

Azken grabaketak, uztailean

Bada, oraindik iristeke dauden grabaketak egiteko erabiliko dute crowdfunding kanpainaren bidez jasotzen duten laguntza. Aurtengo Iruñeko San Fermin jaien testuingurua baliatuko dute protagonistekin elkarrizketak errodatu, eta filma osatzeko beharrezkoak diren gainerako hartualdiak egiteko. Intsumisioak aurten 30 urte betetzen dituenez, filma aurten bukatzeko asmoa dutela adierazi dute, eta aurreikuspenei jarraiki, urte amaierarako izango da prest.

Ezagutu proiektua eta aztertu laguntza emateko aukera desberdinak, hemen.