Pokemon Pikachu detektibea (Pokemon Detective Picachu)

Harry Goodman detektibearen desagerpenak abiatuko du istorioa. Tim, bere 21 urteko semea, gertatutakoa ikertzera behartuko du horrek, eta Pikachu detektibearen, Harryren Pokemon kuttunaren, laguntza izango du horretarako.

Bilaketa hasi eta gutxira, Tim eta Pikachu ohartuko dira elkarren artean era ikaragarrian komunikatu daitezkeela, eta elkarrekin abentura hunkigarria biziko dute misterio bitxia argitu bitartean. Pokemon ezberdinekin egingo dute topo, eta elkar bizikidetza baketsua suntsitu eta Pokemon unibertso osoa mehatxatu dezakeen konplot beldurgarria argitara emango dute.

Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker, eta  BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideek REC grabaketa estudioarekin sinatutako akordio puntuala medio, filma euskaraz ikusteko aukera izango da Hego Euskal Herriko areto askotan.

.

The Hustle

1988 urteko Dirty Rotten Scoundrels filmaren remake eguneratu bat, feministagoa esan genezake. Iruzurraren bi aditu izango ditugu beste behin protagonista, aurkako jatorrikoak badira ere, bere indar eta abileziak inguruko gizonezkoak engainatzeko batuko dituztenak.

Zein da, bada, 1988ko bertsioarekin duen aldea? Oraingoan iruzurgileak, protagonistak, bi emakume izango direla: Anne Hathaway eta Rebel Wilson.

.

The Sisters Brothers (Les Frères Sisters)

1850 urtea, AEBko mendebalde desertikoan. Charlie eta Eli Sister etsaitasunezko gizarte basati bateko kide dira, urrearen sukarrak jotan dagoen lurralde bateko biztanleak. Eskuak odolez zikinduta dituzte, biktima errudun eta errugabeen odolarrekin, eta ez dute inolako eskrupulorik inor akabatzeko orduan.

Beren lana burutzeko bikain moldatzen badira ere, bada haien artean desberdintasun garrantzitsu bat: Charliek erailketen bidetik jarraitu nahi duen bitartean, Elie anaiak bizimodu arruntago batekin egiten du amets. Elkarrekin abiatuko duten bidaia batek ezbaian jarriko du bion arteko lotura hori.

.

Peterloo

Azkenaldian ikusten ari garen zinema historikoa gaurkotzearen joerak adibide berri bat ekarriko du aste honetan Hego Euskal Herriko zinema-aretoetara. 1819an, Peterloo (Manchester, Ingalaterra) jazotako gertakariak ekarriko ditu pantaila handira Mike Leigh britainiarraren proposamenak. Manifestazio baketsu bat egiten ari zirela, poliziaren oldarkeri eta bortxa jasan zuten hiritarren istorioa.

Eskolan historia irakaspena jasotzea bezalakoa, filmak zorroztasunez errespetatuko du gertakizunen kontakizuna indarrez beteriko plano eta sekuentzien bidez.

.

The Extraordinary Journey of the Fakir

Mumbai hiriko iruzurgile gaztea da Aja protagonista, bere amaren heriotzarekin inoiz ezagutu ez duen aitaren bila eramango dion bidaiari ekingo diona. Maitasuna topatuko du Parisko altzari denda batean; etorkin somaliar batzuen konpainian, arriskua ezagutuko du Ingalaterrako kaleetan; ospearen zapore goxoa dastatuko du Erromako dantzaleku batean; espazioaren mugak hautsiko ditu Mediterraneo itsasoa globo aeroestatiko batean zeharkatuz; eta, azkenik, zoriontasuna eta aberastasunaren benetako zentzuari aurre egingo dio.

Danush aktore protagonistaren xarma bereziak eramango du filmaren pisua. Eta eskerrak, emaiza goxoa, erraza eta atsegina utzi baitu.

.

L’Intervention

1976ko otsailean, eskola autobus bat bahitu zuten Yibutin, Somaliako mugan. Ezjakintasun eta beldurrez blaitutako 30 ordu luzeren ostean, haurrak erreskatatzeko operazio arriskutsua abiatuko dute.