Donostian, Buruntzaldean eta Beterrin egingo du geldialdia egunotan Mendi Tourrek, Bilbao Mendi Film Festivaleko pelikula onenak biltzen dituen mostra ibiltariak. Gipuzkoako hiriburuko Antzoki Zaharrean, Hernaniko Orona Fundazioaren egoitzan eta Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean egingo dituzte saioak maiatzaren 8, 9 eta 10ean.
Oro har, mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den Mendi Film Fest jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dira urtero luzatzen duten deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan dira 2018ko edizioak jaso dituenak, eta horien artean arrakasta gehien izandakoak zabaltzen ditu Mendi Tourrek. Modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei gerturatuko diete film espezializatuak ikusteko aukera.
Maiatzak 8, Hernanin
Bada, Gipuzkoako iparraldera helduko da egunotan, eta Hernanin egingo du gaur, maiatzaren 8an, lehenego geldialdia. Orona Fundazioak Galarreta inguruan duen egoitzan egingo dute saioa, 18:00etatik aurrera, eta sarrera librea zein doakoa izango da. The Search for the Wooo film laburra eta The Dawn Wall saritua izango dira ikusgai:
- The Dawn Wall. 2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek erronka itzelari egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionalean (Kalifornian) dagoen The Dawn Wall eskalatzea. Eskalaezina zirudien ia 1000 metroko hormatzarrari eutsi ziotenean, mundu osoaren arreta bereganatu zuten.
Tommy Caldwellentzat, ordea, The Dawn Wall eskalada huts bat baino askoz gehiago zen. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituen haren bizitzan, eta lorpen hura bizitza osoan zehar jorratutako proiektuaren egikaritzea izan zen. Dedikazioaren muga obsesioarekin nahastera iritsi zen arte, Caldwell eta bere kide Jorgesonek sei urtez antolatu eta entrenatu zuten eskalatu beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa haien peskizan dagoela, muturreko erabakiak hartu beharko dituzte. - The Search for the Wooo. Wooo fikziozko sinbolizazio bat da, eremu berrietan esploratzeak eragiten duen zirrara eta dibertsioaren adiera bat. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Film labur originala, dibertigarria eta psikodelikoa, Kepa Acero surflari ezaguna ere tarteko dela.
Maiatzak 8 eta 9, Donostian
Bestetik, Donostian izango dira ere, saio bakarrean gaur eta amanaldi laukotzarekin bihar. Antzoki Zaharrean egingo dituzte bi saioak, 19:30etik aurrera, eta 6 €-ko prezioan salduko dituzte sarrerak. Ondorengoak dira ikusgai izango diren filmak:
- The Dawn Wall
- Up to Speed
2020ko Jokoetan eskalada kirol olinpiarra izango da, mugarri garrantzitsua kirol honetarako. Alabaina, ezustea izan zen jakitea domina lortzeko modalitate konbinatuetako bat Abiadura izango dela. Diziplina honek sekulako debozioa du Asian. 15 metroko horma bat sei segundo baino gutxiagoan eskalatzeko gai dira Abiaduraren deabruak. - Viacruxis. Stop-motion teknikaz maisuki egindako film laburra. Marcel eta Andrezj dira protagonistak, bi eskalatzaile handi. Marcelek bere gain hartu du liderraren rola eta ospea, eta Andrezjek, aldiz, nahiago du itzalean egon; gaua eta eguna bezain desberdinak izan arren, talde bikaina osatzen dute. Oraingo honetan, erronkarik gogorrenari aurre egingo diote: mendirik garaienean inork aurrez igo gabeko gailurra eskalatzeari. Horretarako, ordea, oztopo handiak gainditu beharko dituzte, gorriak eta bi ikusi, eta, batez ere, batak bestea jasan.
- Age of Ondra. 2017an, 9c zailtasuneko Silence bidea eskalatu zuen Norvegian Adam Ondrak. Gradu horretako lehena eta, oraingoz, bakarra munduan. Hura egin ostetik, bere urratsei jarraituko diegu Txekiar Errepublikako etxetik hasita eta Europan eta Ipar Amerikan barna: nola ari den entrenatzeko metodo berritzaileak sortzen eta baliatzen, punta-puntako zer bide eta eskalada burutu dituen, edota 9a+ bat flashean, lehen saiakeran, eskalatzeko lehena izan nahi horretan zer ahalegin egiten ari den. Hortaz, eskaladan giza ahalmena noraino irits daitekeen esploratzen ari da.
- Liv Along the Way. Gaztetxoa zela jo zuen Mont Blanc gailurra lehen aldiz Liv Sansoz protagonistak, eta une horretatik beretik ohartu zen mendia zuela maite, eta mendiari loturik biziko zela. Birritan izan da kirol eskaladako munduko txapeldun, eta eskalada mistoan, mendiko eskian eta base-jauzian ere nabarmendu da. Berrogei urterekin, Liv berebiziko erronka bati ekitekotan da: Alpeetako 4.000 metroko 82 gailurrak urte bakar batean eskalatzea.
Maiatzaren 10ean, Urnietan
Urnietan egingo du aste honetako hirugarren eta azken saioa Mendi Tour zikloak. Sarobe Arte Eszenikoen Gunean atondu dute saioa, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, eta hiru film labur eta luze bat pantailaratuko dituzte:
- Liv Along the Way
- Everest Green. Everest mendian, abenturaz harago, errealitate ekologiko eta gizatiar tragikoa ezkutatzen da. Hondamendia tontorrean bertan hasten da, itsasoaren gainetik 8.848 metroko altueran, eta Katmanduko zabortegi irekietaraino iristen da. Ez alferrik, planetako hiririk kutsatuenetako bat da Nepalekoa. Non datza alpinismoaren eta turismoaren arteko aldea? Zer ondorio ditu egoera horrek?
- RJ Ripper. Gainerako neska-mutikoak ikasten zeuden bitartean, Rajesh Magar bizikletekin ametsetan ibiltzen zen. Egoera ekonomikoa zela eta, ezin zuenez bat erosi, berak egin zuen, bere kabuz, mendiko bizikleta bat. Pedalei eragiten hasi bazen hasi, gogo horri eta bere berezko talentuari esker, mendiko bizikleta gidari lanetan hasi zen profesionalen ondoan. Gaur egun, Nepaleko txapelduna da eta norberaren pasioari tinko eutsi behar zaiola erakusten duen adibide argia, pasio hori iritsiezina begitandu arren.
- Wallmapu. Andeetako pehuentxe herri indigenako biztanleen arabera, unibertsoaren jatorrian korapilatzen dira nonbait Corralco (Txile) eskualdeko sumendi ikusgarria esploratzen duten eskiatzaileen modernitatea eta mapudungunaren marrua, Ama Lurraren hizkuntzaren orroa, alegia.