Iragan astelehenean, maiatzaren 6an, abiatu dute Pablo Agüero zinegile argentinarraren Akelarre drama historikoaren filmatzea. EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat zonaldetan arituko dira datozen zazpi asteetan.
1.609 urtera bidaiatuko du filmak, sorgin ehizak indarra hartu zuten garaira hain zuzen, eta eskualde txiki bateko biztanleengan jarriko du fokua. Zonaldeko gizonak itsasoz bestaldera irten dira beharrean, eta inguruan geratutako emazte, alaba eta ahizpak basoan bilduko dira ospakizun handi baterako.
Rostegi epailea da Erregeak eskualdea garbitu eta kontrolpean edukitzeko izendaturiko pertsona, eta jaialdian parte hartu duten hainbat emakume atxilotuko dituzte haren aginduz. Amaia protagonista izango da horietariko bat. Bere handinahietarako giltza izango delaren konbentzimenduz, Rostegik amaieraraino eutsiko dio jazarpenari, eta hasiera batean erresistentzia ezkutu izango duen Amaiak ere men egingo die haren nahi ilunei. Uste baino baino mederakaitz eta zuhurragoak dira, ordea, gaztearen asmoak.
Pierre Lancre legelari frantsesaren Tratado de brujería vasca: descripción de la inconstancia de los malos ángeles y demonios liburuan oinarritu da Agüero bere bosgarren filma izango denaren sorrerarako, eta talde artistiko gazte baten bidez osatuko du pantaila handirako kontakizuna. Amaia Aberasturi eta Álex Brendemühl izango dira aktore nagusiak, Amaia eta epaile protagonisten azalean jarriko diren profesionalak, eta beste bost aktore gazteren laguntza izango dute, urte bete iraun duen kasting luze baten bidez hautatu dituztenak: Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra eta Yune Nogueiras. Daniel Fanegok, Asier Oruesagastik, Iñigo de la Iglesiak, Elena Urizek eta Daniel Chamorrok osatuko dute taldea.
Arlo teknikoari dagokionez, ibilbide luze eta arrakastatsuko profesionalak arituko dira lanean: Javi Agirre izango da argazki zuzendaria; Mikel Serrano arte zuzendaria; Maite Arroitajauregi ‘Mursego’-ren esku egongo da musika; eta Koldo Zuazua (Kowalski Films) eta Iker Ganuza (Lamia Producciones) izango dira ekoizlea.
Zazpi aste
Bizkaiko kostaldeko Laga hondartzan abiatu zuten iragan astelehenean errodajea, eta ekainaren 22ra bitartean luzatuko direlaren aurreikuspena egin dute. EAEko hainbat txokotan izango dira lehen egunetan, eta gerora Nafarroa (Urbasa eta Lesaka) eta Iparraldera (Sara) lekualdatuko dira.