Antzerkirako egin zuten moldaketak jasotako arrakastaren ostean, zinemarako egokitu dute ere Bernardo Atxaga idazlearen eleberri ezaguna. Iragan apirilaren 12an heldu zen Hego Euskal Herriko aretoetara, eta Iparraldearen txanda da orain: hamar zinema areto desberdinetan proiektatuko dute maiatzaren 6tik 16ra bitartean.

Hiru garai desberdinetan banatu dute adiskidetasuna, traizioa eta indarkeria nahasten dituen istorioa (haurtzaroa, 20 urteetako gaztetasuna eta, azkenik, 50 urte ingurukoa) Euskal Herriko istorioaren ikuspegi desberdinak biltzeko helburuarekin.

Zuzendariaren hitzetan, sentimenduetan jarri du indarra Soinujolearen Semeak, hogeita bost urtez harremana etenda izan ondoren, berriro ere topo egingo duten bi lagunen harremanean: “Iraganaz hitz egiteko, eta sozialki metaforikoa izan daitekeen isiltasuna apurtzeko azken aukera izango dute aspaldiko lagun min horiek”.

Hego Euskal Herriko aretoetan barna arrakasta pilatu ostean, Iparraldean proiektatuko dute egunotan Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen eskutik.. Emanaldi hauetan guztietan protagonista edo talde teknikoko kide baten parte hartzea egongo da, eta Bernardo Atxaga bera izango da gonbidatu berezia Biarritzeko maiatzaren 16ko azken hitzorduan. Idazleak obraren inguruko hitzaldi berezia eskainiko du.

Hauek dira datozen egunetarako emanaldiak:

  • Maiatzak 6: Donibane Lohizunen (Le Sélect) 20:30ean. Fernando Bernués eta Mireia Gabilondoren bertaratzearekin.
  • Maiatzak 7: Hendaian (Les Variétés), 20:30ean. Fernando Bernués eta Mireia Gabilondorekin.
  • Maiatzak 8: Maulen (Maule-Baitha), 20:30ean.
  • Maiatzak 9: Donapaleun (Saint-Louis), 20:30ean. Iñaki Rikarterekin.
  • Maiatzak 10: Urruñan (Itsas Mendi), 20:00etan. Bingen Elortza aktorearekin.
  • Maiatzak 13: Kanbon (L’Aiglon), 20:30ean. Patxo Telleria gidoilariarekin.
  • Maiatzak 14: Donibane Garazin (Le Vauban), 20:30ean. Bingen Elortza aktorearekin.
  • Maiatzak 15: Hazparnen (Haritz Barne), 21:00etan. Bingen Elortza aktorearekin.
  • Maiatzak 16: Biarritzen (Le Royal), 20:45ean. Bernardo Atxagaren presentziarekin.