Hamar urte iraun dituen ekoizpen prozesu luze baten ostean, Elkano, lehen mundu bira  filmak uztailean ikusiko du argia, orduan helduko baita euskaraz Euskal Herriko zein Espainiar estatuko areto komertzialetara, eta hortik aurrera, Txina, Errusia eta herrialde arabiarretara ere.

2019an 500 urte beteko dira bidaia hura abiatu zutenetik, eta Dibulitoon ekoizpen etxe gipuzkoarrak urteurrena baliatu du gertaera hari buruzko animaziozko filma osatzeko. Ezagutzen diren gertakari historiakoetatik abiatu da Angel Alonso zuzendaria, eta animazio filme “zirraragarria” sortu duela iragarri du, “ikusle gazteen begientzat sortua, baina familian disfrutatzekoa”.

80 minutuko iraupena duen proiektuak Juan Sebastián Elcano marinel getariarrak XVI. mendean munduari eman zion itzulia izango du hizpide. 240 marinel itsasoratu ziren 1519. urtean, baina hogei baino ez ziren itzuli. Espezia bila abiatu ziren, baina balentria hari esker, garaiko gizarteak munduaz zuen kontzientzia aldatzea lortu zuten.

Euskal ekoizpen bat da, eta Eusko Jaurlaritza, Espainiako Kultura Ministerioa, EiTB, TVE eta Ibermedia Programaren babesa eta finantziazioa izan du. Jose Antonio Vitoria eta Garbine Losadaksinatu dute gidoia, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoiaren kolaborazioarekin grabatu dute Joseba Beristain musikariak konposatutako soinu banda.

Jone Landaluze ekoizlea eta nazioarteko salmenten arduradunarekin eta Kiko Jauregi bikoizketa buruarekin izan gara, egindako lanaz galdetzeko.