Zuzendaria: Kepa Sojo
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia

Umore zuriko komedia txikia
Euskal zinemari buruz hitzegiten dugunean badaude agertzen diren topikoak: Ama Lur filmak nola hasi zuen guztia, beti gaudela euskarazko lehen film bat aurkitu nahian (Gotzon Elortzan, edo Gure Sorlekuan, edo auskalo zein lehen harrian), 80ko eta 90eko euskal zinegileen eklosioak nola zabaldu zituen gure hegoak, XXI. mendeko loraldi berriaren garrantzia, gure animazioaren kalitate bikaina, zein profesionalak eta langile onak diren euskal teknikariak, zenbat aniztasun dagoen gure antzezlari-taldean, eta abar bukaezin bat. Honekin guztiarekin, euskal zineman aurkitzen ditugu beti hor ditugun batzuk, askotan itzalean, zarata handirik egin gabe, baina edozein unetan berriz gurera datozenak. Horietako bat Kepa Sojo laudioarra dugu.

Bigarren film luzea estreinatu berri du, La pequeña Suiza, baina Sojoren ibilbidea zinean aspaldi hasi zen, 1997an 100 maneras de hacer el pollo al txilindrón film laburra  aurkeztu zuenean. Gaur arte 7 dira egin dituen film laburrak, eta guztietan somatu daiteke bere tolesgabetasuna, konplexurik gabeko lanak baitira denak. Umorea izaten ohi da Sojoren lanen osagai nabariena, baina baita ere bere zinemazaletasuna, eta horrek nahasketa bitxiak ematen ditu, omenaldi txikiak bilakatuz bere filmak: Looking for Chenchok 1962ko La gran familia filmaren unerik gogoangarriena hartzen du aitzaki; Cuando puedas lanak Mirindas asesinasen oihartzunak ditu (Alex de la Iglesiaren film labur sonatuena); Loco con ballesta film laburrak komedia eta psikopaten generoak nahasten ditu; eta Hileta Dreyeren Ordet lanik ezagunenaren mimesia da, hori bai, euskaraz eta ukitu beldurgarriaz.

La pequeña Suiza film luzea ez da ohiko ibilbidetik urruntzen, Sojoren kostunbrismoak, zinemazaletasunak eta umore “zuriak” hor darraite, eta horregatik bi erreferentzia-puntu topatu ditzakegu. Lehenik, Luis García Berlangaren komediak, batez ere Sojok hain maitatua duen Bienvenido Mr. Marshall (1953). Bestetik, Ealing britainiar estudioaren komedia bat, Passport to Pimlico (Henry Cornelius, 1950), han gertatzen den argumentua gurera ekarri baitu zuzendari laudioarrak. Film britainiarran Londresko Pimlico auzoan Borgoina frantsesaren parte direnaren dokumentu bat topatzen dute, eta horrek independienteak eta borgoindarrak aldarrikatzea bideratzen ditu. Sojoren filman antzekoa gertatzen da: EAEn kokatutako baina gaztelarra den Telleria herriko biztanleek aspaldiko desira dute: behingoz euskaldunak bihurtzea (Trebiñu gogoan). Baina, lortzen ez dutenez, aurkikuntza bitxi batek (elizaren azpiko kriptan Gilen Tell heroi suizarraren semearen hilobia) beste herrialde baten atea jotzea eramango ditu: Suiza.

Filmak txisteak ditu bata bestearen ondoren, batzuetan argiak, bestetan topikoegiak diren egoerez baliatuz, eta guztia komedia erromantikori lotutako antzezleku batean. Dena den, La pequeña Suizako osagairik baliagarrienetarikoa agertzen diren aktoreak dira, bakoitzaren komikotasuna maila desberdinetan erakusten baititu. Protagonistak Jon Plazaola eta Maggie Civantos diren arren, gatzdunenak bigarren mailako aktoreak dira. Horrela, Secun de la Rosa, Kandido Uranga eta Enrique Villén, Maribel Salas edo Mikel Losadak eszenak “lapurtzen” dituzte berlangiar modura.

* Gehigarria: PIL-PIL film laburraren estreinaldia

Ohikoa izaten da film laburrak film luzeen aurretik ematea, baina La pequeña Suiza ikusi ondoren, Oiartzungo udaletxera hurbildu nintzen Kristina Zorita kazetariaren bigarren film laburraren estreinaldira, Pil-pil. Crowdfunding bidez finantzatutako lana izan da Zoritarena, eta atzo bertaratu ginenek emaitza ikusteko aukera izan genuen. Zuri-beltz argitsuan kontatzen du edozeini gerta lekiokeen egoera bat: Zer gertatuko litzateke alkoholemia kontrol batean panporo doan norbaitek poliziari aurre egingo balio? Zoritak egoera horri sukaldeko ukitu surrealista bat ematen dio hasieran eta laburraren bigarren zatian harrokeriaren ondorioak ikus daitezke, ziegako bakardadea nabarmenduz. Film laburraren izenburuaz baliatuz, Miren Gaztañaga da pil-pilean dagoen protagonista, eta zein drama-aktore ona den erakusten du. Ea orain Pil-pil film laburrak banatzeko aukerarik lortzen duen.